ENPLEGUA

Cosmos Bizkaiak ELAko ordezkari bat kaleratu du bere lan sindikalagatik

2024/12/17
Gaur, 2024ko abenduaren 17an, ELAko ordezkari bat kaleratu du Cosmos Bizkaiako (Abadiño) zuzendaritzak enpresan egiten ari ziren negoziazioen ondorioz.

Ordezkariak 10 urte baino gehiagoko ibilbidea izan du enpresan, eta aurtengo urriaren 1ean egin ziren hauteskunde sindikaletan aukeratu zuten langileek. Enpresak, ordea, ez ditu hiru hilabete ere behar izan hura kaleratzeko.

Hori gutxi balitz, kaleratzea enpresaren aurkako negoziazio eta erreklamazio judizialen testuinguruan gertatu da, eta agerian uzten dute, are gehiago, neurri horren bidegabekeria eta proportzionaltasun eza.

Zalantzarik gabe, enpresaren errepresalia baten aurrean gaude, askatasun sindikalaren aurkako eraso argi baten aurrean, hain zuzen; erantzunik gabe geratuko ez dena, bai juridikoki bai sindikalki ere.

Hori dela eta, bihar, abenduaren 18an, 13:45ean, langileen batzordeak elkarretaratzea deitu du enpresaren aurrean, kaleratzea salatzeko eta delegatua berehala berriz kontratatu dezaten eskatzeko.