"Krisi honen faktura errenta altuak, enpresak eta kapitalak ordaindu behar dute"

Langabezia 6.400 pertsonatan jaitsi da, horietatik 1.900 Nafarroan eta 4.500 EAEn. Hala, langabezia-tasa %8,67koa izan zen Hego Euskal Herrian (%8,55 Nafarroan eta %8,72 EAEn). Azken urtean, langabeen kopuruak gora egin du Nafarroan, aldiz, EAEn beheranzko joerarekin jarraitzen du.
Landunen kopuruari dagokionez, 1.214.300 dira Hego Euskal Herrian, horietatik 577.600 emakumeak eta 636.700 gizonak. Landunen kopurua 6.700 pertsonatan murriztu da (3.400 Nafarroan eta 3.300 EAEn). 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Nafarroan 600 pertsona gehiago izan ziren; EAEn, berriz, 5.900 gutxiago.
Okupazioaren beherakada horrek emakumeei eragin die osotasunean. Izan ere, 6.700 pertsona gutxiago daude lanean, eta horietatik 6.500 emakumeak dira. Sektore ekonomikoaren araberako okupazioari dagokionez, Nafarroan zerbitzuen sektorea izan da koronabirusak gehien kolpatu duena, sektore horretan 10.000 pertsona gutxiago daude okupatuta. Industrian 4.500 pertsona gehiago izateak landunen guztizko kopuruaren beherakada leundu ahal izan du. EAEn, Nafarroan ez bezala, lehen hiruhilekoko datuek 5.500 landun gutxiago utzi dituzte industriaren sektorean; zerbitzuen sektorean, berriz, beherakada Nafarrorarena baino askoz txikiagoa izan da (-2.400).