Curriculumari eginiko aldaketek Estatu osoko hezkuntza bateratzea dute helburu

2009/11/03
Gaur egungo Eusko Jaurlaritzak daukan helburu nagusia, Estatua uniformizatzea da, EAE beste edozein erkidegoren pareko bilakatuz.

Isabel Celáak atzo iragarri zituen curriculumaren aldaketak eskolaren esparruan ere helburu hori gauzatzeko saiakera bat baino ez dira.

Aldaketa hauek eragiten dieten gaiek agerian uzten dute, argi asko, gobernu honen ibilbidean obsesio identitarioak, españolak kasu honetan, daukan garrantzia.

Alde batetik, Euskal Herria kontzeptua errealitate ia folkloriko batera murrizteak gure errealitate nazionalarekiko erreferentzia guztiak curriculumetik ezabatzea du helburu. Bestetik, euskarari irakaskuntza-hizkuntza nagusiaren izaera kentzeak eta horren ordez gaztelaniarekiko ustezko (ez benetako) parekatzea ezartzeak, euskara desabantailan uztea dakar, kontuan izanda bere egoera diglosikoa. Gainera, parekatze faltsu bat besterik ez dela baieztatzeko nahikoa da salbuespenei dagokienez hizkuntza bati eta besteari ematen zaien trataerari erreparatzea.

Ahots interesatu  batzuk horrelakorik zabaltzen tematuta badaude ere, ez da egia eskola-eremuan euskarari dagokionez dagoen arazo bakarra erabilerarena denik. Aitzitik, urtero-urtero milaka ikaslek bukatzen dute derrigorrezko hezkuntza euskara nahikoa jakin gabe. Argi esan beharra dago: Celáaren aldaketek legearen urraketa betikotuko dute, ez  baitiete ikasleei bermatzen EAEko bi hizkuntza ofizialen ezagutza.

Era grafikoan esateko, aldaketa hauekin uniformizazio gehiago eta euskara gutxiago.