Deflazioaren aurka, soldatak igo eta gizarte politika gehiago

2015/04/14
Martxoko KPI-ak -0,7ko bilakaera erakutsi du Estatu mailan (-0,5 Nafarroan eta -0,4 EAEn). Bilakaera negatibo honen aurrekaria, 2014ko urtarriletik hona 4 hilabetez bakarrik KPI-aren hazkunde positiboa izan dela da. Beraz, deflazio egoeran gaude.

Datuek erakusten dute Europar Batasunean murrizketa politika bortitzenak ezarri diren tokietan ematen ari direla prezioen jaitsiera handienak, hau da, soldatak eta prestazio sozialak (pentsioak, langabezia sariak edo bestelako prestazioak) gehien murriztu diren tokietan, hala nola Grezian (-1,9 otsailean, Zipren (-0,8) edo Espainiar Estatuan.

Herritarrak pobretzeko politika bortitz horiek daude deflazioaren oinarrian. Ezinezkoa da biztanleriaren gehiengoa okerrago bizitzea eta, era berean, kontsumogaien prezioen igoera orokorra ematea. Argi dago oso lotuta daudela soldaten debaluazioa eta aurrekontuak zein eskubide laboral eta sozialak murrizteko politikak.

Beraz, deflazioa Europar Batasuneko gobernuek ezarri dituzten doitze politika basatien beste ondorio bat da. Deflazio honi aurre egiteko beharrezkoa da soldatek partaidetza handiagoa izatea aberastasunean, eta gizarte prestazioak eta zerbitzuak gehiago eta hobeak izatea.