Zahar etxeetako dekretua

Dekretuak ez ditu zuzeneko arretarako bi orduak bermatzen eta prekaritatea areagotzen du

2023/07/03
Eusko Jaurlaritzak 7 minutu gehiago soilik eskainiko die 0 eta 1 menpekotasun maila dutenei, eta 11 minutu bigarren eta hirugarrenekoei. ELAren ustez, ratioa ezarri behar da eman beharreko arretaren arabera, ez lanaldiaren baitan.

Eusko Jaurlaritzaren zahar etxeen dekretu zirriborroak ez ditu hobetuko EAEko erresidentzietako lan baldintzak, ezta zerbitzua ere. Ratioek ez baitute bermatzen egoiliar bakoitzari gutxienez bi orduko arreta, ELAk aldarrikatu duen bezala, eta erizain laguntzaileek ez dagozkien erizain lanak egin beharko dituzte. Gainera, Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu sektoreko eragileen eta langileen aldarriak zirriborroa osatzerakoan prekaritatearekin amaitzeko.

Bermerik gabeko ratioak

Dekretu berriak ratioak lanaldiaren arabera zehazten ditu. Hau da, egoiliar bati eskaini beharreko denbora langileen lanorduen baitan zehazten da (lurralde bakoitzean ezberdinak dira), 2029rako ezarri nahi den 0,33ko ratioa lanordu horien araberakoa izanen baita. Beraz, langileek lanaldia murriztea lortuz gero - Bizkaian gertatu legez eta langileen oinarrizko aldarria ere badena -, egoiliarrek zaintza denbora gutxiago izango dute.

Gainera, dekretuak 0 eta 1 menpekotasuna dutenentzako zuzeneko arreta 7 minutu besterik ez ditu handitzen, 24 ordutan 54 minututik 61era pasako baita. 2. eta 3. mailetan (zahar etxeetan gehienak daude egoera horretan) 86 minutu ordez 97 izango dituzte. Denbora tarte horiekin nekez bermatzen da ELAk zerbitzu egokia emateko nahikoa deritzonetik: zero eta lehen mailako adinekoei bi orduko denbora tartea eskaini behar zaie, eta bigarren eta hirugarren menpekotasun mailan daudenei hiru ordu.

Areago, Eusko Jaurlaritzaren ratioa Gipuzkoan egun indarrean dagoena baino okerragoa da: zirriborroak aurreikusitako ratioa lurralde horretan duela 17 urtez geroztik aplikatzen dena baino %24 apalagoa izango da. Araban, non oraindik ere estatu mailako lan hitzarmena indarrean dagoen (1.792 orduko lanaldia), 35 orduko hitzarmena lortzen dutenean (1.592 ordukoa) arreta %12 txikiagotuko da.

Erizainik ez

Orain arteko dekretuak legezko estaldura ematen zion egoiliarrak arreta sanitariorik gabe uzteari, 24 orduz erizain zerbitzurik ez izateko aukera ematen baitzuen. Irregulartasun larri hori konpontzeko, Jaurlaritzak bide ematen du erizain laguntzaileek lan hori egin dezaten.

Eusko Jaurlaritzak aterabide hori eman nahi die azpikontratek erizainak aurkitzeko dituzten arazoei, hain zuen ere, arazoa lan baldintza kaxkarrak direnean. Baldintza horien ardura Jaurlaritzarena eta zerbitzua finantziatzen duten Aldundiena da. ELAk azpimarratu nahi du erizain laguntzaileek ez dutela zertan euren gain hartu ez dagokien eginkizunik, horrek euren egoera eta eman beharreko zerbitzua okertuko bailuke.

Bestalde, garbitasun eta sukaldeko zerbitzuetarako oraindik ez da ratiorik ezarri, arreta egokia bermatzeko oso garrantzitsuak izanagatik ere.

Zuzeneko arreta: gutxienez 120 minutu

ELAk eskatzen du dekretuak gutxienez bi orduko zuzeneko arreta bermatzea 0 eta 1. mailetako menpekotasuan duten egoiliarrei, eta hiru ordu 2. eta 3. mailetakoei; era berean, erizain zerbitzua 24 orduz eskaini behar da. Horregatik, ELAk uste du dekretu zirriborro hori berehala erretiratu, eta batzorde bat sortu behar dela sektoreko eragile eta langile guzitekin: Jaurlaritzak, Aldundiek (zerbitzuak finantziatzen dituztenek), sindikatuek, sektoreko langileek eta senide elkarteek batera lan egin behar dute gutxieneko batzuk definitu eta baldintza duinak bermatzeko.

Halaber, duela lau urte ELAk plazaratutako proposamenean honako eskariak jaso zituen:

  • Zainketa profesionalak publikoak, doakoak, unibertsalak eta kalitatezkoak izan behar dira.

  • Ratioen zehazteko honako hau hartu behar du kontuan: minutuak/zaintza orduak erabiltzaile eta menpekotasun mailaren arabera; inola ere ez lanaldia/zaintza. Egoiliar bakoitzari egunean gutxienez 120 minutuko zuzeneko arreta eskaini behar zaio (erizain laguntzaileen eta erizainen aldetik); 192 minutu, menpekotasun handia dutenen kasuan. Ratioen hobekuntzarako ere gakoa da lanaldi osoko lanpostuak izatea eta prekaritatearekin amaitzea.

  • Zeharkako arretan ere ratioak beharrezkoak dira (sukaldea, garbitasuna, ikuztegia...).

  • Urteko lanaldia gehienez 1.592 ordukoa izango da. Erakundeak urteko orduen %100 ordainduko du 1.592 ordu bitarteko enpresetan. Enpresako lanaldia handiagoa bada, enpresak ordaindu behar du portzentaje handiago hori. Adibidez, 1.752 ordu badira (1.592 baino %10 gehiago), erakundeak orduen %90 ordainduko du eta enpresak %10.