Dena prest XII. Kongresurako

2008/11/25
Azaroaren 26 eta 27an egingo da ELAren XII. Kongresua Bilboko Euskalduna Jauregian, LANGILEEKIN goiburuarenpean. Ponentzia orokorra eskualde eta federazioetan hilabete askotan eztabaidatu ondoren, datozen lau urteetarako sindikatuaren ildoak ezarriko dira.

Manu Robles-Arangiz Fundazioak, ponentzia azaltzeko, antolatu dituen 100 bat ikastaroetan 2000tik gora delegatuk hartu dute parte. Eztabaida horren ondorioz, 126 zuzenketa aurkeztu dira, Kongresuan eztabaidatu eta bozkatzeko, eta azken finean ponentziaren edukia hobetzeko. Gainera, Nazio Batzordean dagoeneko onetsi diren sei ebazpen-proposamen Kongresuan bozkatuko dira: Oroitzapen historikoa, Ekintza sindikala, Euskara, Eskubide kolektiboen urratzea, eta egoera ekonomikoa.

Kongresuko benetako protagonistak 736 delegatuak dira —horietatik %69 gizonezkoak , eta %31 emakumezkoak—, baina horiez gain, gonbidatu asko egongo dira, bai mundu sindikalekoak, bai gizarte-arlokoak.

Nazioarteko sindikatuetako ordezkariei dagokienez, 40 erakundetako goi-mailako ordezkariek ziurtatu dute etorrera; erakunde horien artetik nabarmentzekoak dira Sindikatuen Munduko Konfederazioa (idazkari nagusi Guy Ryder hizlari arituko da), Sindikatuen Europako Konfederazioa (John Monks idazkari nagusia mintzatuko da), Belgikako CSC, Eskoziako STUC, Georgiako GTUC, Quebec-eko CSN, Argentinako CTA, eta Saharako UGTsario. Era berean, hizpidea izango dute Kongresuan beste sindikatu lagun batzuek ere: LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, HIRU, ELB eta Galiziako CIG.

Gizarte-arlotik, ELArekin harremanak izan ohi dituzten erakundeak azalduko dira; eta, besteak beste, Laborantza Ganbararen izenean Mixel Behokoirigoin egongo da, proiektu hori ELArentzat ere estrategikoa baita.

XII. Kongresuak hiru giltzarri izango ditu. Lehendabizi, kudeaketa-txostena onestea: azken lau urteen balantzea. Bigarren, sartu beharreko zuzenketak sartu ondoren, ponentzia onestea: gerora begirako ildo estrategikoak. Hirugarren eta azkenik, kongresuko kideek idazkari nagusi berria hautatuko dute. Joxe Elorrietak, adina dela-eta, sindikatuko goi-karguari utzi behar dio, hala ezarrita baitago Estatutuetan. Adolfo Muñoz, orain arteko idazkariorde nagusia, izango da Nazio Batzordeak proposaturiko hautagaia.