Dena prest dago ELAren XIII. Kongresurako

2013/01/22
Dena prest dago ELAren XIII. Kongresurako
Ponentzia orokorraren inguruko eztabaida hilabete luzeak eskualde eta federazioetan; 2.000 delegatutik gora Manu Robles-Arangiz Fundazioak ponentzia azaltzeko eta eztabaidatzeko antolatu dituen 110 ikastaroetan; eztabaidatuak eta bozkatuak izan daitezen 140 zuzenketen aurkezpena; dagoeneko Nazio Batzordeak onartutako bederatzi ebazpenen proposamena... Lan guzti horrek goia joko du asteazken eta ostegun honetan –urtarrilak 23 eta 24– ELAk Bilbon egingo duen XIII. Kongresu Konfederalean.

Kongresuan parte hartuko duten 736 delegatuek bi egun horietan zehar hiru eginkizun nagusi izango dituzte. Lehendabizi, kudeaketa txostenaren onarpena –azken lau urteetako balantzea–. Bigarrenik, ponentziaren onarpena –etorkizuneko ildo estrategikoak–, gehituko zaizkion ebazpenekin. Azkenik, Batzorde Eragile berriaren bozketa.

Lehenengo eguna: urtarrilak 23, asteazkena

Kongresuko lehen eguna urtarrilaren 23a izango da, asteazkena. Delegatuen akreditazioaren eta Mahaiaren aukeraketaren ostean, gonbidatuak izan diren erakundeen aurkezpen txikia egingo da: sindikatuak –bai Euskal Herrikoak eta bai Nazioartekoak–, erakundeak eta gizartearen ordezkariak. Ondoren, Kongresuaren lehenengo atal nagusia etorriko da: azken Kongresu konfederaletik gertatu dena aztertzea, hots, 2008ko azarotik. Adolfo Muñoz, Txiki, egungo idazkari nagusia, izango da kudeaketa txostenaren lehen atala aurkezteaz arduratuko den laguna. Muñozen ostean Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, izango da Batzorde Eragilearen txostenaren aurkezpenak arduratuko den pertsona.

Arratsaldean eskualdeen eta federazioen txanda izango da; kudeaketa txostena erantzuteko aukera izango dute. Erantzunen txandaren ostean Adolfo Muñoz Txikik erreplikatzeko aukera izango du. Jarraian, Kongresuan parte-hartzeko eskubidea duten 736 delegatuek kudeaketa txostena bozkatu ahal izango dute.

Lehen egunari akabera emateko merezitako omenaldia egingo zaio Valentin Bengoari. Diskreziotik eta umiltasunetik ezinbesteko laguna izan da ELA Hego Euskal Herriko lehenengo sindikatua izatera heltzeko prozesuan.

Bigarren eguna: urtarrilak 24, osteguna

Kongresuen arteko epean egindakoa aztertu ostean, urtarrilaren 24an etorkizuneko ildo estrategikoak eta hurrengo lau urteetan ildo horiek zuzenduko dituen lan-taldea aukeratzeko ordua izango da. Goizeko 09:30tatik aurrera, Leire Txakartegi, Mikel Noval, Xabi Anza, Joseba Villarreal, Pello Igeregi, Unai Martinez, Deiane Arrieta eta Mirari Irurek aurkeztuko dute Nazio Batzordearen izenean Ponentzia orokorra.

Ponentziaren aurkezpenaren ostean sindikatuko kide eta militanteek landutako zuzenketa ezberdinak eztabaidatzeko eta bozkatzeko txanda izango da. Ondoren, Ponentzia bere osotasunean bozkatuko da. Goiza amaitzeko Kongresuko hirugarren atal nagusia etorriko da: Batzorde Eragile berriaren proposamena. Batzorde Eragile berriak ez dakar inolako berrikuntzarik izenei dagokionez; bai ordea departamentu berrien sorrerari –Leire Txakartegik Langabetuen Sailaren ardura hartuko du– zein eginbeharrei dagokionez. (Web honetan Batzorde Eragile berriaren proposamen osoa ikusi ahal izango da).

Bazkaltzera joateko etenaren aurretik kongresistek Batzorde Eragilearen proposamenaren inguruan bozkatu beharko dute. Bozak zenbatu eta emaitzak jakitera eman ostean, idazkari nagusi berriak bere lehen hitzaldia emango du, XIII. Kongresu Konfederalari amaiera emango dion ekitaldiari txanda eman aurretik.