Desenpleguak gora egin du, okupazioak behera

2022/04/28
2022ko lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, enplegu gabeen kopurua 4.500 igo da eta 124.400era heldu dira. Aldiz, 2.900 landun gutxiago daude.

Pertsona landunen kopurua 2.900 murriztu da aurreko hiruhilekoaren aldean. Enpleguaren suntsipena emakumeen artean gertatu da, 5.600 pertsonako beherakada izan baitute. Sektoreei dagokienez, zerbitzuen eta nekazaritzaren sektoreko okupazioak behera egin du aurreko hiruhilekoaren aldean (5.600 eta 2.000, hurrenez hurren); hiruhileko arteko enpleguaren sorrera eraikuntzatik dator, eta industriako enplegua mantendu egin da.
Aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean, enpleguaren hazkundea 62.900ekoa da; hazkundea zerbitzuen sektoretik dator batez ere, 57.200 pertsona gehiago baitaude lanean sektore horretan. Gaineratu behar da, halaber, industriako enpleguak ez duela gora egin 2020ko laugarren hiruhilekotik, nahiz eta 2021ean sektore horretan irabazi errekorrak izan. Era berean, inkestak adierazten du sortutako enpleguaren ia erdia, % 42zehazki, norberaren konturako langiletik datorrela, eta horrek erakusten du sortutako enplegua ahula dela, segmentu horrek aldakuntza handiagoa baitu egonkortasunari dagokionez.
Kontratuen behin-behinekotasunari erreparatzen badiogu, ikusten dugu azken hiruhilekoan 13.000 kontratu gutxiago izan direla, eta iraupen mugagabekoak, berriz, 17.100 gehiago. Hala ere, urte arteko alderaketa egiten badugu, ikusten dugu behin-behinekotasun-tasa %2 igo dela, 7.100 pertsona gehiago baitaude iraupen mugagabeko kontratu batekin, baina 28.400 pertsona gehiago dira aldi baterako kontratua dutenak. Beraz, behin-behinekotasun-tasak nabarmen gainditzen du %20ko muga; zehazki, %23,8koa da, EBkoa baino 10 puntu handiagoa.
Desenpleguari dagokionez, 2022. urtea 124.400 pertsonarekin hasi da Hego Euskal Herrian, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 pertsona gehiago. HEHko desenplegu-tasa %9,1eraino igo da ( %8,7 EAEn eta %10,4 Nafarroan). Sexuaren arabera, emakumeek langabezia-tasa txikiagoa dute, %8,7, eta gizonek, berriz, %9,5. Bestalde, azpimarratu behar da Europar Batasuneko langabezia-tasa oraindik ere oso azpitik dagoela (%6,2). Gazteen artean, desenplegu-tasak oso altua izaten jarraitzen du, batez ere EAEn, azken hiruhilekoan desenpleguak berriro gora egin baitu eta % 29ra iritsi baita.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru ekonomiko batean gaude, non bizitzaren garestitzea gero eta nabarmenagoa den. Enpleguari ere eragiten dion testuinguru honetan, Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, askok soldata baxuak dituzte, segurtasun falta lanean eta beste hainbatek behin-behineko kontratuak dituzte, lan-erreformaren ondoren aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituztenak. Horregatik, egoera horren aurrean, antolaketa eta mobilizazioa behar dira, langile-klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.