Desenpleguan dauden 10 pertsonatik 6 emakumeak dira, nahiz eta biztanleria okupatuaren erdia baino gutxiago izan

2022/11/03
Kontratazioaren bilakaeraren eta lan prekarietatearen aurrean langile klaseak borrokatu behar du pobretzearen aurka.

Irailean langabeziak behera egin ondoren, urrian 152 langabe gehiago izan dira, beraz, 143.020 pertsona daude langabezian. EAEn 65 langabetu gehiago; Nafarroan, 87 gehiago. Hala, langabezia % 10,5ekoa da, Europar Batasunean baino lau puntu eta erdi handiagoa, irailean % 6koa izan baitzen (azken datua).

Emakumeen artean 315 langabetu gutxiago daude; hala ere, langabeziak neurri handiagoan eragiten die emakumeei. Egoera horretan dauden emakumeen proportzioa askoz handiagoa da oraindik; zehazki, gizonak baino 23.684 emakume gehiago daude lanik gabe. Bestalde, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin du industrian eta eraikuntzan; aldiz, nekazaritzan eta zerbitzuen sektorean igoera txikia gertatu da.

Kontratazioari buruzko datuei dagokienez, ez da hobekuntzarik ikusten aurreko hilabeteekin alderatuta. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen % 71 aldi baterakoak izan dira, hau da, urrian sinatutako lau kontratutik ia hiru aldi baterakoak izan dira. Ildo horretan, adierazi beharreko beste kontu bat da, Lanbideren arabera, urrian sinatutako hasierako kontratu mugagabeen % 36 bakarrik izan direla lanaldi osokoak EAEn, hau da, sinatutako kontratuen % 8,8 bakarrik izan dira lanaldi osoko mugagabeak. Hau da, alde batetik, langabeziak ez du behera egin azken hilabetean, eta, bestetik, sinatu diren lau kontratutik hiru aldi baterakoak dira, eta, beraz, esan daiteke enpleguaren kalitatea okerrera doala.

Ziurgabetasunaren eta krisiaren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horregatik, ELAk neurri irmoak eskatzen ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen aurkako neurriak ezartzea, soldata arrakalaren aurkako neurriak hartzea, finkatzea eta KPIaren araberako igoerak.