Deustuko Unibertsitateko garbitzaileek soldaten %22ko igoera lortu dute

2022/08/09
Langileek mobilizazioak bukatu egin dituzte, 38 lagunentzako (ia denak emakumeak) lan-baldintzen hobekuntza nabariak erdietsita

Ia urtebeteko mobilizazioen ondoren eta greba mugagabea deituta, Bilboko Deustuko Unibertsitateko garbiketa zerbitzuaren azpikontrata den Sodexo enpresako langileek akordioa sinatu dute 2021/2022 ikasturtean hasitako gatazka bukatuz.
Hitzarmenak 3 urteko indarraldia du (2022-2024), eta lanaldian hobekuntzak, ordu osagarrien finkapena eta lizentziak aurreikusten ditu. Horrez gain, 38 pertsonako kolektibo batentzat, batez ere emakumeentzat, % 22ko soldata-igoera dakar.

Akordio hori lortzea, gainera, aurrerapauso bat da prekarietatearen eta soldata-arrakalaren aurkako borrokan, kolektibo horrek helburu hori ezarri baitzuen.

ELAk emakume horien konstantzia eta borroka nabarmendu nahi du, ELAk eta erresistentzia-kutxak babestuta, hau bezalako gatazka bati eusteko tresna guztiz beharrezkoa baita, haien baldintzak hobetzea lortu baitute, Eraikinen eta Lokalen Hitzarmen Probintzialeko mahaiak sinatu duenaren oso gainetik.