Digitalizazioa: mehatxutik, aukerara

2023/07/12
Orain arte antolatuta egon ez diren eremuak antolatzea ezinbestekoa da digitalizazioak langileentzat dituen arriskuak arintzeko

“Azkenaldian non lan egiten dugun ez esateko joera hartzen ari gara, ondo ikusiak ez gaudelako”, aitortu ziguten Kutxabank-eko ordezkariek. Digitalizazioak errotik aldatu du azken urteotan banka sektorea, baita Kutxabankeko langileena ere. Plantilla murrizketa izugarria izan da: aurrejubilazioak, bulegoak ixtea, zuzeneko arreta orduak murriztea... eta, horrekin batera, lan karga nabarmen handitu egin da. Gaur egun bost kanal ezberdinetatik egin behar dute lan: presentzialki, telefonoz, aplikazio informatikoaren bidez, bezeroen whatsapparen bidez eta bezeroekin duten onlineko elkarrizketa zerbitzuarekin.

Digitalizazioak lana egiteko erari gizatasuna kendu dio, eta garai batean mimatu egiten zen bezeroarekiko harremana eta gertutasuna, lausotzen ari dela. Ez hori bakarrik: talde eta ekipo lanak ere ahuldu dituela salatzen dute. Sektoreko langileen baldintzak okerrera egin dute, ez soilik lan karga handitu delako, baizik eta digitalizazioak berekin dituen arrisku psikosozialek bete-betean jo dituelako. Multitasking, deskonexio digitalik eza eta bezeroen online egiten dituzten balorazioek eragin dezaketen kaltea jarri zizkiguten besteak beste, mahai gainean.

2023ko apirilaren 28an Lan Osasunaren Nazioarteko eguna ospatzen da. Egun horretan bertan jardunaldia antolatu genuen Donostiako Kursaal Jauregian: ‘Nola eragiten dio digitalizazioak langileen osasunari?’. Ekitaldi horretan entzun genuen Kutxabankeko langileen testigantza. Saioa abiatzeko, Henar Álvarez Cuesta (Leongo Unibertsitatea) katedradunak lanaren digitalizazioak dituen arrisku fisiko eta psikosozialak aletu zituen. Kutxabankeko eta Gipuzkoako jantzi dendetako esperientziek, osatu zuten jardunaldia. Álvarezek marraztutako marko teorikoa, praktikara nola eraman daitekeen ikus arazteko.

Kursaalean, 500 bat militanteren aurrean, Kutxabankeko ordezkariek sentimendu bat aitortu ziguten: beren lanean sentitzen duten bakardadea. Hunkitu ziren, zirrara piztu zuten eta testigantza indarrez amaitu zuten: digitalizazioak langileen osasunean ondorio lazgarriak izan ez ditzan, lanean jarraituko zutela esan zuten. Bakardadea sufritzen duten arren, kolektiboki antolatzen jakin, badakitelako.

Antolakuntza sindikalak ematen dituen fruituak azaldu zizkigun hain zuzen ere Gipuzkoako ehungintzako Tamara Ibañez Santosek. Taula gainera, 2023ko urtarrilean sektorean lortutako akordioa ekarri zuten, hitzarmena lortu arteko prozesua ardatz harturik.

Antolaketa, digitalizazioaren arriskuei aurre egiteko

Kontakizunak kapitalak digitalizazioaz egiten duen erabilera jarri zuen erdigunean: hobeto lan egiteko edota bezeroei arreta hobea emateko erabili ordez, zertarako ari dira erabiltzen? Banka sektorean gertatzen den bezala, lanpostuak desegiteko. Denda asko itxi dituzte azken urteetan eta itxi ez dituztenek, oso itxura erakargarria duten arren, erdi hutsik dituzte. Online dendak nahi dituzte, klik bakoitzak sortzen duen lana aurrera atera behar dute: erosketak, itzulketak… Lan guztia makinek egiten dutela sinestarazi nahi da, baina errealitatean, dendetako langileek lan karga handiagoa dutela adierazi ziguten.

2021eko urte amaieran ekin zioten Gipuzkoan sektoretik hitzarmena berrizteari. Aldarrikapenak garbi zituzten: hitzarmenak online salmentako enpresetan ere aplikatu zedila, soldata igoerak KPIari lotuta, lanaldian luzatzea eta ordu osagarriak finkatzea, atsedenaldia igande eta jaiegunetan, Aste Santuko larunbata eta inauterietako larunbata lan eguntzat ez hartzea, enpresek aldebakarrez hitzarmena ez aplikatzea eragoztea eta ultraktibitate mugagabea. Eta, azkenik, online plusa: hain zuzen ere, digitalizazioak eragindako lan kargen igoeragatik, eta langileen funtzioen transformazioa, nolabait, konpentsatzera bideratuta.

Patronalak ez zuen entzun ere egin nahi online plusa: ez zutela hori akordioan sekula lortuko eta langileek salmenta era berrietara ohitu beharko zutela esaten zieten. Negoziazio gogorra izan zen, eta bilera, blokeo asko eta 19 eguneko grebaren ondoren, akordioa eskuratu zen aipatutako puntu guztiekin. Eta bai, patronalak eman nahi ez zien online plusa ere lortu zuten. Ez zen izen horrekin onartu, baina hitzarmenak jasotzen du denda nagusietako langile guztiek hilean 100 euro kobratuko dituzte lan hori egiteagatik.

Henar Álvarezek, digitalizazioaren arriskuei aurre egiteko proposatutako neurriekin amaitu zuen bere hitzartzea, irtenbidea negoziazio kolektiboan dagoela azpimarratuz: “Ez dago irtenbide magikorik, teknologiaren arazoak bizitzaren alderdi guztietan eragiten duelako eta aldaketa oso handia eskatuko lukeelako, ez bakarrik produkzio-sisteman, baita bizitzeko moduan ere.”

Arazoa noski, (beti bezala) kapitalismoa da. Teknologiaren inplikazio politiko eta sozialak aztertzen aditua den Evgeny Morozovek honelaxe borobiltzen du:

“Teknologiak oso bestelako sistema politiko eta ekonomiko bati lotuta egon behar du, justizia, elkartasuna eta berdintasuna lortzeko. Kapitalismoarekin eta bere forma neoliberalenarekin lotzen bada, miseria, prekarietatea eta etsipena sortuko ditu “.

Prekarietatearen, miseriaren eta etsipenaren aurka antolatzeko, kontrabotereko sindikalismoa dugu gure alde. Dagoeneko antolatuta dauden sektoreak digitalizazioaren aurka antolatzeko. Edo, zergatik ez, digitalizazioa mehatxu baino aukera gisa baliatzeko: oraindaino hain antolatuta ez dauden eremuak horren inguruan antolatzeko.