Diputatuen Kongresuak ertzainen erretiroaren aurreratzeari ezetza eman dio

2007/11/23
Azaroaren 22an, Diputatuen Kongresuak Ertzaintzak erretiroa aurretiaz hartzeko lege proposamenari ezetza eman zion, PSOE eta PPren botoekin. 160 kongresistak aurka bozkatu zuten eta 29k soilik alde. PSOEk Senatuan ere aurka bozkatu zuela gogoratu behar da.

Beste batzuk, arazo honi irtenbidea emango ziotela esaten zutenak, oso erratuta zeuden. Barnesailak eta Eusko Jaurlaritzak eman behar diote ertzainen aurrejubilazioen eta bigarren jarduerari irtenbidea, gai honi seriotasunez eta arduraz helduz.

Irtenbidea etxean dago, Euskal Herriko Poliziari Buruzko Legeak bere gehigarrizko hamaseigarren xedapenak jasotzen duen bezala. Negoziazio mahaian bigarren jardueran dagoen ertzainari legozkiokeen soldatak adostuz. Halaber, 97/98 eta 99/01ko hitzarmenetan adostutako 14.600 milioi pezetak mahai gainean jarri behar dira. 2005/2007ko hitzarmenean, ordea, desagertarazi egin zuten diru kopuru hau. Diru hau ertzainona da, bigarren jarduerarako ezarri zen eta horretarako erabili behar da.

Arlo honetan ere Barnesailaren kudeaketa negargarriak gaur egun bigarren jarduerarako 185 lanpostu bakarrik izatea ekarri du. Gainera, arazo fisikoak dituzten ertzainez beteta daude lanpostu hauek. Polizia Legeak dionaren arabera, gaur egun aurrejubilazioari helduz gero, ertzain bat 720 €ko soldatarekin joaten da etxera. Honek kotizazioetan eragina duenez, pentsioaren murrizketa dakar.

Ertzaintzak 25 urte besterik ez izan arren, Europako poliziarik zaharrenetakoa bihurtzen ari da, Barnesailaren gaitasun eza dela eta. Honek gizarteari eskaini beharreko zerbitzuan galera dakar.

Eusko Jaurlaritzak 1992ko Polizia Legean ezarritakoa bete behar duela uste du ELAk, adinagatik ertzainen bigarren jarduerari ez ezik, behin betiko lan ezgaitasunari irtenbidea emateko.