Diputazioak hitzarmenaren ardura osoa berehala har dezan exijitzen dio ELAk
Gipuzkoako Erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak 155 greba egunetik gora bete ditu eta gaur, ELAk elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, EHBilduko batzarkideek aurkeztuta Gipuzkoako Diputazioa lurraldeko adinekoen egoitzetako lan-hitzarmenaren negoziaketan inplikatzeari buruzko ebazpena eztabaidatu da.
Negoziazioa iazko urtarrilean hasi bazen ere, langileen ia erdiak zuzenean pairatzen duen prekaritate elementu nagusiaren aurkako proposamenik ez dago, patronalek ez baitute inolako neurririk jarri denbora guzti honetan partzialitatearen auzian. Urtez-urte datua areagotzen ari da eta gaur langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Lan baldintzen gainbeheraz gain, egoiliarrei ematen zaien zerbitzuan kalteak sortzen ditu: ratioen jaitsierak, lan kargen igoerak, langileen rotazioa...
Hurrengo apirilaren 23ko mahaiari begira, ELAk prekaritatearekin amaitu eta gatazkari konponbidea emango liokeen proposamena bidali zien Gipuzkoako LHK-CRLaren bidez patronalei, baita Foru Aldundiari ere.
Proposamen horrek besteak beste, %100eko lan kontratuak, soldata arrakala murrizten joateko igoerak, lan osasuneko neurriak eta zerbitzuan euskararen erabilera areagotzeko neurriak jasotzen ditu.
Hau horrela, ELAk eskaera zuzena luzatu dio Foru Aldundiari; behingoz hitzarmenaren negoziazioan ardura osoa har dezala eta apirilak 23ko mahai negoziatzailean parte hartu dezala.