Diru-bilketaren igoera aldi batekoa da, eta neurri bidegabeei esker
Pasadan astean eman dira argitara EAEko diru-bilketari buruzko datuak, urtarriletik abuztura artekoak. Foru ogasunek ikuspegi baikorra eman dute, bilakaeraren joeraren gainean. Hori dela-eta, ELAk azpimarratzen du bilakaeraren arrazoia bidegabeko neurriak izan direla; besteak beste, BEZaren igoera edo balantzeak eguneratzea onetsi izana (horren bidez enpresek zerga-kopuru bat ordaindu dezakete orain, askoz gehiago aurrezteko geroan). Urte amaieran ez da gauza bera gertatuko, ordurako neurri horien eragina agorturik egongo baita.
Ikus ditzagun egintzak:
-
Rajoyren gobernuak BEZa jaso zuen iazko irailaz geroztik. Beraz, aurtengo urtarriletik abuztura diru-bilketa handiagoa egin da, iazko aldi berdinean baino, zerga-igoera hori dela-eta. BEZa igotzea erregresiboa da. Irailetik aurrera ez da sumatuko aipaturiko eragina.
-
Estatuak sozietateen gaineko zerga aldatu zuen, eta aukera eman zien enpresei balantzeak eguneratzeko. Neurri horren helburua diru-bilketa handiagoa berehala egitea zen, “erregularizazioa” egin nahi zuten enpresen kontura, hurrengo urteetako diru-bilketetan ahalmena –zati handi batean- galtzearen trukean.
-
Estatuak aldaketa hori egin eta hurrengo egunetan foru aldundiek beste horrenbeste egin zuten, PPren politikari itsu-itsuan jarraitzen diotela erakutsiz. Eta, hartaz, foru-arauen arabera tributatzen duten enpresek gauza bera egin ahal izan zuten.
-
Aditzera eman diren datuak Estatuari buruzkoak dira (EAEren gaineko informaziorik ez dago oraindik). Adibidez, ezaguna da IBERDROLAk “erregularizazio” horren bidez 326 milioi ordaindu duela, eta horri esker datozen urteetan 1.500 miloi €-tik gora aurreztuko duela. Enpresak berak aitortu du egintza hori bere web orrialdean.
-
Ez da ezaguna zer ekarri dien aldaketa horrek foru-ogasunei. IBERDROLAren adibidetik jarraituz, zenbat milioi € gutxiago ordainduko du IBERDROLAk Bizkaian? Zenbat milioi € gutxiago ordainduko dute aukera hori egin duten enpresek?
-
ELAk gogora ekarri nahi du enpresa handiek —IBERDROLA haien artean— %4 tributatu zutela Estatuan 2011n Sozietateen Zerga dela-eta, tasa nominala %30 izanik. “Mirari” hori lortzeko baliatzen diren tresnak bilatu behar dira ingeniaritza fiskalean, etekinak abantailadun tratamendu fiskala dagoen tokietara deslokalizatzean, eta zerga horrek eskaintzen dituen kendura ugarietan.
Lotsagabekeria iruditzen zaigu albiste on baten itxuraz aurkeztea, datozen urteetan argi eta garbi diru-bilketaren kaltetan eta enpresen mesedetan izango den gertaera hori.
Azkenik, ELAk politika fiskalaren norabidea erabat aldatzeko eskatzen du, iruzur fiskalari benetan aurre egitearren, eta errenta handiei eta kapitalari eman izan zaizkien ondoz ondoko beherapenetan atzera egitearren.