Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan ematen ari diren murrizketak salatu dituzte Gasteizen
Irakurri Agiria:
Lanbidek kudeatzen dituen laguntzetan %15eko murrizketa egitearen aurka.
-Eusko Jaurlaritzak uko egin dio enplegu-pizgarrietan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan, pentsioen osagarrian eta alokairurako laguntzetan LGSaren % 8 igotzeari.
-Azken 5 urteotan % 7ko murrizketa mantendu da jaso beharreko zenbatekoetan.
Hainbat lagun bildu gara gaur Gasteizen gobernuak urte hauetan ezarri dituen murrizketa-politikez nazkatuta gaudela adierazteko. Bertan izan gara, besteak beste, Lanbideren diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; prekarietatea pairatzen dutenak; etxegabetzeen biktimak diren zenbait lagun; hainbat sindikatu eta pobreziaren aurkako lanetan aritzen diren kolektibo ugari.
Aurretik ere gogaituta zeuden, baina egoerak gainezka egin du. Izan ere, Lan sailburu Beatriz Artolazabalek hartutakoari erabakiari jarraiki, Jaurlaritzak ez die LGSaren % 8ko igoera aplikatuko Lanbidek kudeatzen dituen diru-laguntzei. Igoera hori, ordea, LEGEZ bete beharrekoa da. Honako hauek dira Lanbideren laguntzak: pentsioen osagarria, laneko diru-sarrerak osatzeko errenta, diru-sarrerak bermatzeko errenta, eta etxebizitzaren laguntza osagarria.
Horrez gain, duela 5 urtetik % 7ko murrizketa egiten da ozta-ozta bizi diren 64.000 familik laguntza horien bitartez jasotzen dituzten zenbatekoetan. Gainera, kopuru hori oso urrun dago EAErako pobrezia-ataritik, hau da, 1.200 euroetatik.
Hori dela eta, mobilizazio honen bitartez, elkarretaratze baten berri eman nahi dugu: asteazken honetan, urtarrilaren 18an, Eusko Legebiltzarraren aurrean batuko gara, Beatriz Artolazabal sailburuak Legebiltzarrean aurkezpena egingo duen momentuan, hain zuzen ere. Aurkezpen horretan, hasi berri den legealdi honetako programa azalduko du, eta, nola ez, murrizketak izango dira nagusi.
Kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak berak eginiko ikerketen arabera, azken urteotan gora egin dutela, pobrezia- eta bazterkeria-indizeek; bai enplegua dutenen kasuan bai langabezian dauden familien artean ere. Horrek, hilabetearen amaierara iristeko zailtasunak okertu besterik ez du egin.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak berak diru-laguntza sozialak murriztu izanak eragin du egoera hori. Diru-laguntza horien bitartez, pertsonek gutxieneko diru-sarrera batzuk izatea berma daiteke: bizitza duinagoa izan dezatela. Kontrako bidea hartu dute ordea, eta horiek murrizteko erabaki politikoaren ondorioz bizi dugu egoera dramatiko hau.
Gainera, lotsagarriak eta onartezinak dira azken egunetan entzun ditugun adierazpenak: “Ezin dugu DSBE igo eta lan-merkatura sartzeko pizgarria kendu”. Baieztapen hori erabat faltsua da. Lanbideren datuen arabera, bizikidetza-unitateen %20k –12.504– enplegu prekarioa dute eta DSBErekin osatzen dute euren soldata eskasa; laguntzen %25 –15.817– pobrezia-pentsioak ordaintzeko erabiltzen dira; beste %20 zenbateko txikiko langabezia-sorospena osatzeko erabiltzen dira, betiere, oraingo egoera prekarioaren ondorioz.
Hori guztia dela eta, murrizketen aldeko apustu politiko honi aurre egiteko…
• HONAKOA ESKATZEN DUGU: Lanbidek kudeatutako laguntzetan LGSaren %8ko igoera aplikatu dezala.
• HONAKOA ESKATZEN DUGU: datozen aurrekontuetan EZ ditzatela % 7 MURRIZTU DSBE eta gure jendartean pobrezian eta prekarietatean bizi diren pertsonentzako laguntzak.