Diskurtso xenofoboen aurrean alternatiba eraiki

2015/06/02
Diskurtso baztertzaile eta xenofoboaz baliatu zen Javier Maroto Gasteizko alkatea maiatzaren 24ko hauteskundeetan nagusitasuna lortzeko. ELAren iritziz estrategia arriskutsua eta arduragabea benetan, gizartean zatiketa eta liskarra sortu eta jarrera xenofobo eta arrazistak bultzatu eta hauspotzen dituena.

Sakoneko hausnarketa eskatzen du egoera honek ELAren aburuz. Mezu baztertzaile eta autoritarioak sustatu dituzten aukera politikoek kostu politikoa izan dezaten bestelako alternatiba politikoak eta sozialak eraikitzea guztiz zilegi eta beharrezkoa da gure ustez.

Sindikatuaren hitzetan, alternatibak, ordea, ezin dira izan arrazismoaren aurkako diskurtso soilak, ezinbestekoak direnak baina ez nahikoak. “Aldaketa zeren gainean eraikiko den eztabaidatu behar da, zer politika eta neurri izango dituen, zer gizarte eredu garatuko duen. Guztientzako bizimodu duina bermatzea izan behar da eredu horren xedea, edozein dela ere pertsonaren jatorria. Politika neoliberalek kontrakora garamatzate eta argi esan behar dugu: pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak dakartzaten heinean xenofobiaren ongarri arriskutsuak dira”.