Donamartiri-Untzeko zahar-egoitzako langileak hiru hilabete greban, mehatxuak jaso arren
Donamartiri-Untzeko Santa Zita zahar-egoitzako langileek hilabete bat bete dute greba mugagabean, IDEAren (udal zerbitzua kudeatzen duen enpresa) zigorrak eta gogorkeriak jaso arren; borroka honetan segituko dute lan eta soldaten baldintza guztiak bermatuko dituen lan hitzarmen bat lortu arte. Zentzu honetan, enpresaren aldebakarreko betegabetzearen aukera indargabetu behar da (Rajoyren lan erreformari esker legeztatua), eta hori da 20 hilabeteko negoziazioa ixteko oztoporik nagusia.
Enpresaren burugogorkeria ikusita eta mobilizazio batzuen ondoren, Santa Zitaren langileek (ELAk babesturik) pasa den uztailaren 16an greba mugagabea hasi zuten. IDEA enpresak grebaren aurka jo du neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak inposatuz eta, azkenik, bi langile kaleratuz eta zigor asko jarriz. Horri aurre egiteko, ELAren zerbitzu juridikoek enpresaren jarduera salatuko dute eta langileek euren ahaleginak indartu egingo dituzte adostutako baldintzak bermatuko dituen lan hitzarmenaren alde borrokatuz.
Horretarako, Donamartiri-Untzeko Udalaren laguntza ezinbestekoa da, baina langileei bere babes ofiziala eman bazien ere (2013ko martxoaren osoko bilkuran), uda honetan IDEA enpresari zerbitzua berriro eman dio, premiaz eta irregulartasunez beteriko prozesu batean. Hala ere, lehiaketaren betebeharren artean, lan hitzarmenaren ultraaktibitatea, langileen subrogazioa eta indargabetzearen debekua daude, espresuki aipaturik. Hain justu, lan hitzarmena sinatzeko langileek eskatzen dutena.
Gauzak horrela, Donamartiri-Untzeko udalak ezin du enpresa honen gehiegikeriak estaltzen segitu (adibidez, erizain baten postua bete gabe dago aspalditik), eta ekin behar dio langileak babesteko hartutako konpromiso ofizialari. Horrela eskatzen dute Santa Zitako internoen senideek ere; bide batez, langileek euren babesa eskertzen diete. Hau dena udalak kontuan hartu beharko du; bestela, herritarren arteko haserrea areagotzeko arriskua dago.
Enpresari dagokionez, euren agintariek ez dute ezer gehitu negoziazio prozesuan azken aldi honetan, eta gezurretan dabiltza “langileek eskatzen dutena inon ez dela adosten ” esaterakoan. Gipuzkoako zahar-egoitzetan ELAk sinatutako lan hitzarmena irakurri besterik ez da egin behar akordio onak posibleak direla konprobatzeko, eta gainera gero eta maizago sinatuko dira.