Donostiako Berra zahar-etxeko 18 kaleratzeak baliogabetu ditu Lan Arloko Auzitegiak
Iragan astelehenean Sar Quavitaek kaleratutako 18 langileren epaiketa burutu zen. Kaleratzeak iragan irailaren 27an jakinarazi ziren. Bestalde, azaroaren 18an sozialeko beste epaitegi batek, enpresa bera, greba eskubidea eta askatasun sindikala urratzeagatik, indemnizazio potoloak ordaintzera kondenatu zuen Adegi, Gipuzkoako patronala.
Guztiaren oinarrian, ELAk iragan maiatzaren 13an, Gipuzkoako Adinekoen egoitzetako greba mugagabea zela eta gaur, berriz ere lanean diren langileak, greban aktiboki parte hartzean datza. Honen harira, uztailaren 19an, Adegi eta Sar Quavitae enpresak, langile hauen aurkako mehatxu eta bortxa plana martxan jartzea erabakitzen dute, makina bat helbururekin: greban diren langileak beldurtu, sektoreko eta gainontzeko langileengan zigorraren adibidea ezarri, negoziazio kolektiboa kriminalizatu eta lan munduan salbuespen egoera ezartzea, besteak beste. ELArentzako, Berran gertatu dena, ADEGIrengan sortutako etsipenaren erakusgarri da; sektoreko enpresek, patronal honek ezarritako estrategi eta ildoei muzin eginez, enpresetan lan erreformari aurre eginez lan baldintza duinak adostu dituztelako.
Azken hilabetetan Berrako langileak larritasun ugari pairatu behar izan dute, ziurgabetasun eta irain egoerak ere. ELAk argi utzi nahi du beste behin ere, azken hilabete luze hauetan, gatazka honi bukaera emango dion akordioa lortzeko egindako saiakerak ugariak izan direla, baina hala ere zoritzarrez gaurdaino ezinezkoa izan dela. Gogoratu, gaur egun,akordioa adostuta daukagula Gipuzkoako zahar egoitzetako %96 etan.
ELArentzat, gatazka konpontzeko sententziak betetzeak ez dira nahikoa. Beste behin ere, gaurkoan, ELAk publikoki, lan akordioaren beharra azpimarratzen du. Izaera orokorrekoa eta enpresarekin zintzilik dauden gaiak jasoko dituena. Gainontzean, langileak lanean hastearekin bat berriz ere greban jarraituko dugu eta oraindik eta gogorragoa izan daiteken aro batean sartuko gara.
ELAren ustez, Adegik burua galdu du. Lan erreformak itsutu eta, errealitatetik eta legalitatetik at geratu da. Adegi gipuzkoarrontzat arrisku bat da; bai langileontzat, enpresentzat eta gizartearentzat, orokorrean.