Donostiako ospitalean 967 behin behineko lanpostu suntsitu direla salatu du ELAk
Behin-behineko kontratazioko egun horiek lanaldi osoko kontrataziora aldatzen baditugu, esan dezakegu Donostiako Unibertsitate Ospitalean 2012. urtean, aurreko bi urteetako batez bestekoaren aldean, 967 lanposturen parekoa suntsitu dela.
Izatez ospitalean badago behin-behineko langile asko, azken urteetan urterik gehiena lan egin dutenak, eta gaur egun langabezian daudenak. Egoera hori larriagotuko da Eusko Jaurlaritzak 37½ko aste-lanaldia ezartzen badu, eta aukerako egunak kentzen baditu; izan ere, horren ondorio zuzena gutxienez 250 lanpostu gehiago suntsitzea izango zen ospitale honetan, Gipuzkoako enpresarik handienean, 5.138 langile baititu.
ELAk bestalde azpimarratzen du, 2012ko enplegu-galera hori ez ezik, Osakidetzako langileek, Eusko Jaurlaritzako gainerako herri-langileek bezala, eroste-ahalmenaren %20 galdu dutela azken bi urte eta erdian.
Beraz, batetik, enplegu-suntsipena eta, bestetik, eroste-ahalmenaren galera eta Donostiako Ospitaleko langileen lan-baldintzetan egindako bestelako murrizketak eragiteko moduko arrazoiak dira herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean antzemateko, eta hala salatu du ELAk.
Horregatik, ELAk eskatzen die Osakidetzako arduradunei enplegu publikoaren aldeko apustua egiteko, 35 orduko lanaldiari eusteko, eta langileek galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko; ez baikara krisitik azkarrago aterako zerbitzu publikoak narriatzen edo enplegu publikoa suntsitzen, alderantziz baizik.
Hori dela-eta, ELAk bultzatzen ditu Donostiako Ospitaleko langileak mobilizazioetara, eta dei egiten die gipuzkoar guztiei kalitatezko osasun-zerbitzu publikoa, edonorentzat eskuragarri, eska diezaieten politikariei.