Donostiako Sozialeko Epaitegiak Kutxabankeko garbiketaz arduratzen den azpikontrata zigortu du

2012/12/21
Enpresak langileen lanaldia eta soldatak murriztu nahi zituen, Kutxabankek hala eskatuta. Sententziak arrazoirik gabekoa eta bidegabea deklaratzen du enpresaren erabakia, eta bertan behera uzten du langileen lanaldia murrizteko neurria.

 

PILSAk, Kutxabanken garbiketaz arduratzen den azpi-kontratak, langileen lanaldiaren aldaketa inposatu zuen iragan abuztuan. Bere helburua honakoa zen: asteko lanaldia bost egunetik hirutara jaistea, horrek soldatan dakarren murrizketarekin. Neurria Kutxabankek garbiketaz arduratzen den azpikontratari inposatu zion, langile horien soldaten kontura hilero 51.000 euro aurreztu asmoz. Sententzian jasotzen diren egintzen artean honakoa irakurri liteke: “Erakunde honek, Kutxabank S.A., BBK, Kutxa eta Caja Vital erakundeen bat egite prozesuaren esparruan erakundearen mantentze eredua batzea erabaki du, non, besteak beste, garbiketa zerbitzuak integratzen diren”. 

Aipaturiko sententziak arrazoirik gabekoa eta bidegabea deklaratzen du enpresaren erabakia, eta bertan behera uzten du langileen lanaldia murrizteko neurria. Gainera, epaiak enpresari derrigortzen dio kaltetu guztiei beren aurreko lanaldia berrezartzera, lanaldi murrizketa dela-eta izan duten diru galera ere ordaindu beharko dielarik, besteei eragindako kaltearen kontzeptu gisa.

ELAk beste behin salatu nahi ditu Kutxabanken integrazio prozesuaren ondorioak. Epaian jasotzen diren gertakarietan argi eta garbi ikusten da azpikontratatutako enplegu guztiak berregituratzeko duen helburu argia, horrek dakarren enplegu suntsiketarekin eta lan-baldintzen okertzearekin.