Donostiako Villa Sacramentoko egoitzan akordioa 9 hilabeteko grebaren ondoren

2014/02/21
Villa Sacramentoko Enpresa Batzordeak eta SAR QUAVITAE enpresak akordio bat sinatu dute gaur, otsailak 20, eta horrela bukatu da 9 hilabetetik gorako greba mugagabea. Akordio hori Gipuzkoako egoitzetako lan-baldintzen negoziazioaren gatazkaren barruan sartzen da, abiapuntua 2013ko otsailaren 27an duen gatazkaren barruan.

Akordioari esker, lan-baldintzak blindaturik geratuko dira Rajoyren lan-erreformatik: aurrera-eragina mugagabea izango da, lan-baldintzak ezin izango dira salbuetsi, arbitrajeak ez dira nahitaezkoak izango, lanaldi-malgutasuna kenduko da (lanaldiaren %100 egutegira ekarriko da), kalte-ordainak 45 egun lan egindako urte bakoitzeko izango dira, eta gaixotasun arruntaren aldi baterako ezintasunagatik ez da onartuko kaleratze objektiborik.

Bestalde, soldatak KPIren arabera igoko dira 2013 eta 2014 urteetan, aldi baterako ezintasunaren osagarria hobetuko da (urteko lehenengo bajan oinarri erregulatzailearen %100 izango da), antzinatasun-plusa igoko da (2005. urtetik izozturik egon da), lanpostuaren erreserbako borondatezko lan-utzialdiak lehenengo 3 urteetarako arautu dira, eta abar.

ELAn oso ongi deritzogu akordio horri; izan ere, Villa Sacramento Egoitzako langileek, aurrerantzean, Gipuzkoako egoitzetako sektoreko ia langile guztiek dituzten lan-baldintzak bezalakoak izango dituzte, eta aplikazio-berme berdinekin. Akordio horretan ere argiro ikusten dugu lan-erreforma gure lantokietatik at utzi dezakegula.

Amaitzeko, esan behar dugu gaurko egunean alderdi batzuk bakarrik daudela konpontzeko SAR QUAVITAEk kudeatzen duen beste egoitzan: Berra egoitzan. ELAn uste dugu Berran ere akordioa lor daitekeela, eta hori dela gure asmoa: elkarrizketaren bidetik jarraitu, 7 hilabetez ez atzera, ez aurrera egiten ez duen gatazka hori bideratzearren.