Dornier enpresako langileak lankide batek jasandako erasoa salatzeko mobilizatuko dira

2023/01/25
Dornierreko batzordeak bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu asteartean, hilaren 31n, langile baten aurkako erasoa salatzeko.

Urtarrilaren 9an, Dornier enpresako (Iruñeko Udaleko ORA zerbitzurako azpikontratatutakoa) langile batek eraso fisiko eta hitzezkoa jasan zuen erabiltzaile baten eskutik. Erabiltzaile hori enpresak Esquiroz kalean dituen bulegoetara joan zen, aparkaleku isun bat kudeatzeko. Izapide horretan, eta Dornierren bulegoen barruan, etengabe iraindu eta errespeturik gabe zuzendu zitzaion langileari. Handik minutu batzuetara, erabiltzailea artatu eta gero, langilea lokaletik atera zen zegokion atsedena hartzera. Erabiltzailea inguruan zen oraindik, eta Dornierreko langilea atzetik heldu eta eraso egin zion, bai ahoz, bai fisikoki. Enpresako beste langile batzuek eta kalean zeuden pertsonek langilea lagundu behar izan zuten, eta erasotzailea identifikatu ahal izan zuten, ondoren salaketa jarri ahal izateko.

ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk osatutako Dornierreko batzordea edozein motatako erasoen aurka agertu da, ahozkoa zein fisikoa, eta dagokionari eskatzen dio neurri egokiak har ditzala horrelakorik berriro gerta ez dadin. Hori dela eta, bi orduko lanuztea deitu dute urtarrilaren 31rako, astearterako, 11:00etatik 13:00etara, eta elkarretaratzea egingo dute Iruñeko udaletxeko atean, 11:30etan.