Douglas lurrin denda katearen eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko aurrekoadioak 120 kaleratze eragingo ditu Hego Euskal Herrian

ELAk salatu du Douglas lurrindegi katean enpresak, CCOOk eta UGTk lortutako aurreakordioak 120 enplegu baino gehiago suntsituko dituela Hego Euskal Herrian. Bide beretik, lanpostuari eutsiko dioten langileen lan baldintzak okertuko ditu. Gogorarazi du lanpostuak suntsitzeko alegatutako arrazoiak ez direla egiaztatu ere egin, eta iragarri du Douglasek Hego Euskal Herrian dituen dendetako langileen enpleguari eta lan baldintzei eusteko borrokatuko duela. Horretarako, bide judizial posible guztiak aztertuko ditu, besteak beste, greba eskubidea urratzeagatik jarritako demanda. “Multinazionalak digitalizazioaren eta lan baldintzen prekarizazioaren aldeko apustua egin du, baina ELAk ez du babestuko lanaren prekarizazioa eta deslokalizazioa ekarriko duen proiekturik, azken batean, langileen bizi baldintzak okertu eta suntsitzen baititu”.
Aurreakordioa behin betikoa izan dadin, batzarrean berretsi beharko da. Hala ere, ELAk adierazi du ez duela parte hartuko ehunka langile kaleratzeko eta haien lan baldintzak okertzeko bilera batean. “Asanblada horrek ez du benetako parte hartzea bermatzen, eta gainera ez da izango sindikatuak partekatzen duen negoziazio eremu batean”, kexu da.
ELAk azpimarratu du lortutako aurreakordioak Tubacex edo H&M bezalako gatazketan lortutako emaitzak lortzea zailtzen duen arren, lanean jarraituko duela Douglasek Hego Euskal Herrian dituen dendetan lanpostu bakar bat ere ez suntsitzeko.