Dozenaka mila lagun kalera atera dira Bilbon presoen dispertsioaren aurka Sarek deitutako manifestazioan

2018/01/13
Sare elkarteak presoen dispertsioaren aurka gaur arratsaldean Bilbon deitutako manifestazioan milaka pertsonek parte hartu dute. Manifestazioan ELAko Batzorde Eragileko hainbat kide izan da, Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusia tarteko.

Sindikatuaren esanetan, beharrezko diren hari pertsonal, sozial eta politiko guztiak batu egin behar dira dispertsioaren eta euskal presoei zein hauen senideei ematen zaien tratu ankerraren harriak mugitzeko.

Sindikatuak aintzat hartzen ditu 2017an euskal preso politikoak aitortzerakoan eta hauen eskubideak aldarrikatzeko egin diren urratsak, esaterako, EAEko eta Nafarroako indar politiko gehienek gaixorik dauden presoak askatzeko adierazi duten posizioa. Halaber, pozgarria izan da ELAren ustez Parisen joan den abenduaren 9an izan zen manifestazio handia, non Iparraldeko indar politiko guztiek parte hartu zuten, eskuin muturrak izan ezik.

Konponbidearen aldeko deiadar hau espainiar estatuko gobernuaren politikarekin guztiz kontrajarrita dago eta presoen kolektiboari eta beren senideei demokrazia homologatu batekin zerikusirik ez duen erregimena inposatzen baitie oraindik. Bidegabea izateaz gainera, politika hori gure herrian nagusi den borondatearen aurkakoa da, bizikidetzan aurrera egin nahi baitu gehiengoak, are gehiago, kontuan izanik dagoeneko sei urte igaro direla borroka armatua amaitu zenetik eta joan den apirilean armagabetzea behar bezala burutu zela.