DSBEren lege erreformaren proiektuak egun aplikatzen diren murrizketak kontsolidatuko ditu

2022/05/27
Sindikatuak proiektua bertan behera uztea, 2008ko legeak ezartzen dituen prestazioaren zenbatekoak berehala aplikatzea eta legea hobetzeko prozesua zabaltzea eskatu du ELAk

Mikel Novalek eta Janire Landaluzek, ELAko Azterketa bulegoko kideek salatu dutenez, Urkullu eta Mendiaren Gobernuak egiten duen propaganda ez dator bat EAEko gizarte prestazioen sistema erreformatzeko lege proiektuaren benetako edukiarekin, atzerakada nabarmena baita 2008ko legearekin alderatuta.

Landaluzeren esanetan, “2008ko legea ez da betetzen 2012tik. Praktikan, diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa urtero Gobernuaren aurrekontuetan ezartzen da”. Landaluzek pentsiodun ez den pertsona baten adibidea jarri du. “Kasu honetan, 2022an, 727,41 eurokoa da errenta bermatua; 2008ko legearen arabera, ordea, 1.026 eurokoa (300 euro gehiago) izan beharko lukeenean. Lege proiektuak 2023rako DSBEa 737,44 eurotan ezartzen du, 2022an baino zerbait gehiago, baina ez du estaltzen DSBEk aurten izango duen erosahalmenaren galera”.

Beraz, ELAko arduradunak salatu du erreformak gizarte prestazioetan egiten ari diren murrizketak kontsolidatu nahi dituela. Gainera, Landaluzek bi urtean Etxebizitzako prestazio osagarria desagertzea eta proiektuak prestazioa jasotzen duten pertsonen gaineko kriminalizazio neurriak, eskuin muturreko irakurketaren ildotik doazenak, guztiz baztertu ditu.

Bestalde, Novalek adierazi du gizarte prestazioen eztabaida oso garrantzitsua dela. Dirusarrerak bermatzeko errentaz hitz egitea pertsonek eta familiek bermatuta izan behar duten diru sarreren mailaz hitz egitea delako; pobreziatik ateratzeko dirusarrerak bermatu nahi ditugun ala ez erabakitzea baita. Eta bistakoa da egungo sistema ez dela nahikoa. “Ez du ELAk bakarrik esaten, Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik prestazio sistemak 30 pertsona pobreziatik kanpo uzten ditu, 37 pertsona babesa dute, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen, eta geratzen den % 33 soilik ateratzen da pobrezia egoeratik. Beraz, sistema ez da nahikoa, eta nabarmen hobetu beharra dago”.

Novalek gogorarazi du sindikatuak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko gainerako kideekin batera, pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako HELa planteatu zuela, 51.000 sinadura baino gehiagoren babesarekin eta hura eztabaidatzeko tramiterako aukera ere ez zela egon.

Azkenik, ELAk lege proiektua erretiratzea, 2008ko Legea berehala aplikatzea, murrizketarik gabe, eta benetako gizarte eztabaida bat irekitzea eskatu du, benetako gizarte prestazioa sistema baten oinarriak ezartzeko.

Txosten osoa irakurri