Durangoko Udalak 13 langile kontratatu zituen legez kontra

2015/03/23
ELAko atal sindikalak salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan Durangoko Udalaren aurka. Ikuskaritzak 13 langileen kontratuak legearen kontrakoak izan direla ebatzi du.

1.- 2013ko azaroaren 15ean Durangoko Udalak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuen ZABALTZEN-SARTU elkartearekin, elkarte horrek 13 pertsona (2 ofizial eta 11 peoi) kontrata zitzan, Durangoko bide eta eraikin publikoetan hargintza, lorezaintza eta mantentze-lanak egitearren.

- Zehazki, hitzarmenaren laugarren klausulan alderdietako bakoitzaren eginkizunak ezarri ziren:

- Azpimarratu behar dugu ZABALTZEN-SARTU ELKARTEA ez dela aritzen bide edo eraikin publikoak mantentzen, ezta obra zibilean edo lorezaintzan ere.

2.- 2013ko azaroaren 18an Durangoko Udalak, 2013ko urriaren 17ko Aginduari atxikiz, LANBIDEri eskatu zion Enplegu Suspertzeko Eskualde Planei zegokion laguntza, hiri-inguruneak berroneratzearen alde zegoen Enplegua Suspertzeko 2013-2016 Programaren barruan.

3.- Zabaltzen-Sartu Elkarteak abuztuaren 4an kontratatu zuen pertsonala, sei hilabeterako. Hasieratik Durangoko Udalarentzat ari izan dira lanean, Herri Lanetako Taldeko pertsonalari dagozkion atazak egiten, eta Herri Lanetako Taldeko arduradunaren agindupean eta begiradapean. Ofizialekin batera lan egiten zuten, hiru lantaldetan banatuta:

  • Obra zibila: ofizial bat eta hiru langile.

  • Mantenimendua: ofizial bat eta lau langile (pintura) eta bi langile (garbikuntza).

  • Lorezaintza: bi langile.

  • Herri Lanetako Taldeko pertsonalaren lan-ordutegi berbera dute (08:00 – 15:00).

  • Durangoko Udalaren instalazioak (komunak eta aldagelak), materiala, lanabesak eta ibilgailu alokatuak erabiltzen dituzte.

4.- Aipaturiko arrazoiengatik diogu ZABALTZEN-SARTU Elkarteak hamahiru langile laga zizkiola Durangoko Udalari. Bitartean, Herri Lanetako Taldeko plantillan postu hutsak zeuden, eta daude.

5.- Egoera horretara heldu baino lehen, Durangoko Udaleko Ogasun Batzordean erabakiak hartu ziren. Hona hemen nabarienak:

- 2013ko azaroaren 6an Ogasun Batzordean —PSEko ordezkariaren eskariz— pertsonala kontratatzeko aukera eztabaidatu zen, baina Eraikuntzaren Hitzarmenaren pean, eta ez Udalaren Hitzarmenaren pean (Udalhitz), merkeagoa izango zelakoan.

- 2013ko azaroaren 12an, kontsulta egin ostean, Udaleko ordezkaritza sindikalaren iritzia eman zitzaion Ogasun Batzordeari: “Udalak kontratatzen dituen guztiak Udal Hitzarmenaren eraginpean geratu behar dira, hitzarmenak berak agintzen duenez". Halaber ohartarazi zieten honetaz: beste hitzarmen bati atxikitako kontratuak eginez gero, errekurrituko zituztela.

- 2013ko azaroaren 15ean Durangoko Udalak, alkatetzaren dekretu bidez, Eusko Jaurlaritzaren (Lanbide) 162.500 euroko diru-laguntzari atxikitzea erabaki zuen, eta LANKIDETZA HITZARMENA izenpetu zuen Zabaltzen-Sartu Elkartearekin, 13 langile kontratatzeko, eta udalari lagatzeko. Udalak, bere aldetik, jartzen zituen: lanabesak, materialak, zuzendaritza (Bulego Teknikoa) eta antolamendua/koordinazioa (Herri Lanetako Taldea).

6.- Zabaltzen-Sartu Elkarteak langile horiek kontratatzeko, eta gero Durangoko Udalari lagatzeko izan duen arrazoi bakarra, Durangoko Udaleko Ogasun Batzordearen deliberazioetan ikusten denez, kostuak merkatzea da, Udalhitz Hitzarmenaren partez Eraikuntzaren Hitzarmena aplikatzearen ondorioz.

ELAren jarduna:

- Langile horien lagapenaren aurrean, Durangoko Udaleko ELA Atal Sindikalak, irailaren 30ean, aurretiazko erreklamazioa aurkeztu zuen, baina Udalak gaitzetsi egin zuen.

- Gaitzespen hori ikusita, salaketa bat jarri genuen (urriak 9) Lan Ikuskaritzan, eta 2015eko otsailaren 25ean bere ebazpena eman du. Hona hemen ondorioak:

ONDORIOAK: LEGEAREN AURKAKO LANGILE-LAGAPEN bat egin da, hurrengo argudio hauek oinarri harturik:

1.- Langileen Estatutuaren 43. artikuluaren arabera, ezin da langilerik kontratatu beste enpresa bati aldi baterako lagatzeko, ez bada Aldi Baterako Laneko Enpresen bitartez (ABLE/ETT). Kontuan hartuz Zabaltzen-Sartu Elkartea ez dela ABLE/ETT bat, langile-lagapen hori legearen aurkakoa da, debekaturik baitago martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 43. artikuluan (Langileen Estatutua).

2.- Oraingo honetan esan daiteke langile-lagapena triangeluko erlazio baten barruan gauzatu dela, hau da, Zabaltzen-Sartu Elkarteak altak izapidetu, soldatak ordaindu eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak egin ditu, baina langileak Durangoko Udalaren antolamendu- eta zuzendaritza-esparruan ari izan dira lanean (benetako enpresaria izanik). Horiek horrela, enpresa kontratugilea langileen eta benetako enpresariaren tartean jarri da. Lagapena legearen aurkakotzat jotzen da, baldin eta enpresa lagatzaileak, bere ekoizte-egitura edukita ere, langileak beste enpresa bati lagatzen badizkio, lana zuzendu edo antolatu barik, hau da, enpresa-antolamendua erabili barik.

3.- Durangoko Udalak, kostuak merkatzeko asmoz eta plantilla handitu nahi izan gabe, legearen aurkako lagapen bati zerbitzu-kontrata itxura eman gura izan dio; baina zantzuak argiak dira, zeren Durangoko Udaleko Herri Lanetako Taldeari dagozkion egiturako ataza iraunkorrak egiten baitituzte. Langile-lagapena egin delako zantzuak hauexek dira:

  • Zabaltzen-Sartu Elkarteak ez du enpresa-jarduerarik egiten obra zibilean, lorezaintzan edo mantentze-lanetan; lehenago aipatu den bezala gizarteratze-lanetan aritzen da.

  • Gainera, ez du, ez antolamendurik, ez tresneriarik, obra zibileko, lorezaintzako edo bide eta eraikin publikoetan mantentze-lanak egiteko; hori guztia Durangoko Udalak jarri du.

  • Durangoko Udalak bere hierarkia-egitura ipini du, eta hortik datoz aginduak eta jarraibideak (Herri Lanetako Taldea eta Bulego Teknikoa) langileak hargintzan, lorezaintzan eta eraikin publikoetako garbiketan eta mantentze-lanetan antolatzeko.

  • Erabiltzen dituzten aldagelak Durangoko Udaleko Herri Lanetako Taldekoak dira.

  • Laneko ordutegia 08:00etatik 15:00ak artekoa da, Durangoko Udaleko Herri Lanetako Taldeko gainerako langileena bezalakoa.

  • Zabaltzen-Sartu Elkarteak kontratatu dituen langile horiek Durangoko Udalekoekin batera lan egiten dute, atazak partekatuz.

4.- Azkenik esan behar dugu legez kanpoko lagapenaren eraginpeko langileek finkotasuna lortzeko eskubidea dutela, arazoan elkarloturik dauden enpresetako batean (lagatzailea edo lagapen-hartzailea). Eskubide hori lagapenak dirauen artean erabili behar dute (kontratuaren amaiera edo kaleratzea baino lehen). Durangoko Udalari atxikitzeko aukera eginez gero (Administrazio Publikoa), finkotasunak lan-legepeko pertsonal mugagabe ez finkoaren izaera hartuko luke.