EAE eta Nafarroako medikuen esklusibotasunaren alde agertu dira Eskubide Sozialen Karta sinatu duten erakundeak

2023/01/27
Sistema publikoko medikuen esklusibotasuna kentzea negoziatzen ari da Nafarroako gobernua egunotan, eta horri eustea eskatu diote kartako sinatzaileek. Halaber, Eusko Jaurlaritzak esklusibotasun ezari eusten diola kritikatu dute, eta zerbitzu publikoen aldeko konpromisoa hartzea eskatu diete gobernu biei.

Egungo sistema neoliberalak ezberdintasunak sortzen dituela deitoratu dute Kartako sinatzaileek eta, gutxi batzuen onuran, herritarren eskubideak urratzen dituela azpimarratu dute. Nafarroan esklusibotasuna kentzeko eta EAEn ez izateko eskaera, sinatzaileen berbetan, helburu ekonomikoak baino ez dituen medikuen erreklamazio korporatiboa da.

Bada alternatibarik

Kartako sinatzaileek gaur argitaratutako komunikatu bateratuan dioten bezala, ipar Euskal Herrian, sare publikoko ospitaleetako medikuek “debekatuta dute euren interes propioak edo besteren kontura euren independentzia arriskuan jar dezakeen interesik izatea, bereziki kontsulta partikular bat izatea”. Iparraldean ez dago baimenduta mediku sozietate pribatu batean aritzea medikua, eta funtzionarioen antzeko lan baldintzak dituzte.

Osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioak bultzatu eta babesteko deia egin dute Kartako erakundeek, eta bi Gobernuen jarrera aldaketa bultzatzeko eskatu diete bi parlamentuei.