FORTUNA HANDIAK

EAEko aberatsek gutxiago ordainduko dute Espainiako estatukoek baino, fortuna handien zergaren ondorioz

2023/12/05
EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek adostu dute Fortuna Handien Zerga aplikatzea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Bada, hiru alderdi horien arteko akordioari esker, aberatsek Espainiako Estatuan baino zerga gutxiago ordainduko dute EAEn. Horren aurrean, ELAk beharrezkotzat jotzen du kontrako bidean joango den erreforma fiskala egitea.

Gogoratu behar da fortuna handien zerga aldi baterakoa dela, eta hasiera batean, EAJk eta PSEk ez zutela EAEko aldundietan aplikatzearen alde egin; EAJk ez zuen Kongresuan alde bozkatu. 2022an, bi alderdiek proposatu zuten zerga Kontzertu Ekonomikoan sartzea, baina ez zen aldundientzat arautu. Ondorioz, EAE izan zen erkidego bakarra aberatsek ez zutena euro bakar bat ere ordaindu.

Zerga hori 2023an arautu behar zen. EAJren eta PSEren proposamena oso eskasa zen, ordea: Ondarearen gaineko Zergaren osagarri gisa nahi zuten, 65 pertsonari bakarrik eragingo ziona, 2,5 milioi euroko diru bilketa eskasarekin.

Azkenean, Elkarrekin Podemos akordio batera iritsi da koalizioarekin zerga Araban eta Gipuzkoan ere ezartzeko, EAJk eta PSEk ez baitute gehiengorik, eta horrela, bi alderdien hasierako proposamena "gogortzeko". Hortaz, zergaren tasa handiena ( %3,5) 14,5 milioi eurotik aurrera aplikatzen hasiko da, ez 16 milioi euroetatik aurrera, hasieran proposatu legez. Era berean, aurreko zerga tartean (12,8 milioi euro) %2,5 aplikatuko da Araban eta Gipuzkoan, eta Bizkaian % 2, EAJk eta PSOEk ez baitute Elkarrekin Podemosen beharrik zerga aplikatzeko.

Aldaketa horiek gorabehera, EAErako fortuna handien zerga urrun dago Espainiako estatuan aplikatuko denetik; han zerga tasa handiena 10,6 milioitik aurrera aplikatzen baita. Argi dago, beste behin ere, Kontzertu Ekonomikoa aberastasun handiei mesede egiteko eta gehien dutenei tratamendu onuragarriagoa emateko erabiltzen dela.

ELAk justu kontrakoa eskatzen du: Itun eta Hitzarmen Ekonomikoa erabiltzea zergak nabarmen handitzeko fortuna handietan, baita ondare, kapital eta enpresen irabaziengatik ordaindu beharreko zergetan ere, eta iruzur fiskala jazartzeko.