EAEko Auzitegi Nagusiak deusez jo du Gasteizko Caser Residencial Metroces-ek, greba bitartean, langile bat kaleratzea

2007/07/19
2006ko apirilean lan-gatazka bat sortu zen Caser Residencial, S.L. enpresan, Zuzendaritzaren eta langileen artean, enpresa-itunaren negoziazioagatik. Hori dela-eta, bertako langileek lanuzte partzialak egin zituzten, eta azkenean mugagabeko greba, 2006ko irailetik hasita.

2006ko azaroaren 8an, lan-gatazkaren barru-barruan, Caser Residencial, S.L.k M. Ropero Yebenes langilea kaleratu zuen, diru-arrazoiak argudiatuz, eta 45 eguneko kalte-ordaina eman zion, horrelako kaleratzeetarako legez ezarrita dagoena baino handiagoa.

ELAn oso ondo hartu dugu EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, xehetasunez aztertu baitira kaleratze objektiboaren kasu baten inguruabarrak, eta langileak lan-gatazkaren egoeran nola hartu duen parte zuzenean. Izan ere, Epaitegiak arrazoi objektiboak eskatu ditu ezinbestez, enpresaburuen benetako asmoa frogatzeko; baina oraingo honetan oso agerian geratu da zein zen Caser Residencial, S.L.ren benetako asmoa: langile baten eskubideak urratuz greba indargabetzea.

Langileak demanda jarri zion, kaleratze deusezagatik, zuzenbidearekin bat ez zetorrelakoan, ez baitzegoen bidezko arrazoirik, eta gainera, ez zituen eskaturiko baldintzak betetzen. Aitzitik, benetako arrazoia irailaren 12an hasi zen grebari jarraitzea, eta grebaren inguruko kontzentrazioetan eta manifestazioetan zuzenean parte hartzea izan zela adierazi zuen.

Gasteizko Lan Arloko Epaitegiak gaitzetsi egin zuen demanda. Hori ikusita, ELA sindikatuak Erregu Errekurtsoa aurkeztu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak onetsi berri du. Kide anitzeko organo horren ustez “enpresak langilea kaleratzeko eman dituen arrazoiak arrazoi ekonomiko hutsak dira, eta enpresaren esanetan ez da inondik inora urratzen greba egiteko eskubidea; baina hori ez da oso sinestekoa, ez baita behar bezala oinarritzen arrazoi objektiboetan”.