EAEko Auzitegi Nagusiak Osakidetzaren aurkako kondena berretsi du, behin-behineko kontratazioan egindako iruzurragatik

2016/12/15
EAEko Auzitegi Nagusiak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia berretsi du. Epai haren bidez iruzurrezkotzat jo zen Osakidetzaren behin-behineko kontratazioa, eta kontratazio-mota horri mugak jarri zitzaizkion. Era berean, Eusko Jaurlaritzak defendatutakoaren aurrean, langile funtzionario eta estatutarioen kontratuak iruzurrik gabe bukatutzat ematean ere kalteordaina jasotzeko eskubidea dutela aurreratu du.

ELAk Osakidetzaren aurkako demanda irabazi du. Horren bidez behin-behineko kontratu baten amaiera deusez deklaratzea eskatzen zen, 2 urte eta erdiko epean 13 luzapen izan baitzituen. Ondorioz Osakidetzak demanda-jartzaileari jaso ez dituen hiru urteko soldaten kalte-ordaina eman beharko dio, langile hori bitarteko langile izendatu beharko du —harik eta postua arauz betetzen den arte—, eta egitura-postu bat sortu beharko du.

Are gehiago, epaiak aurreratu egiten du demandatzaileari kontratua bukatutzat ematen dioten momentua lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalteordaina izateko eskubidea izango duela, modu honetan Europako Epaien harira irekitako bigarren eztabaida ere itxi egiten du, behin-behineko langile estatutario eta funtzionariek bere kontratutak bukatzean kalteordaina izateko eskubidea izango dute, ez soilik laboralek.

Epai hori iraultzailea izan da, osasun-zerbitzuen eta, orokorrean, administrazio orokorraren aldi baterako kontratazioari dagokionez. Esparru horietan ohikoa da behin-behineko kontratazioa behin-behineko arrazoiengatik, baina benetako arrazoiak ez dira behin-behinekoak, ohikoak eta iraunkorrak baizik. EAEko Auzitegi Nagusiak iruzurrezkotzat jo du praktika hori. Osakidetzan bakarrik 2015eko maiatzean 4.612 behin-behineko kontratu zegoen, eta orain epai horren eraginpean daude.

Osakidetzak lan-prekarietatearen alde egindako apustua agerikoa da. Izan ere, Osakidetzak 14.000 langile kontratatu ditu aldi baterako kontratuen bidez; eta hori plantilla osoaren %40 da. Arazoa ez datza legezko mugetan, Osakidetzaren borondate politikoa oso argia izan da: behin-behineko tasa handi bati eustea, zenbait zerbitzu edozein unetan pribatizatu ahal izateko. Horregatik Osakidetzarentzat oso erraza izan da 3.000 lanpostu suntsitzea, behin-behineko langileen kopurua itzela zelako.

ELAk dei egiten dio berriro Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritza osoari, egoerari konponbide adostua bilatzeko. Gogoan dugun enplegu-eredua duintasunean eta egonkortasunean oinarritu behar da, eta baldintza horien gainean bakarrik eraiki ahal izango dugu kalitatezko osasun-sistema publiko bat gure gizartearentzat.

Negoziatzeko borondaterik ez dagoen bitartean, argibideak ematen, auzibide berriak abiarazten eta plantilla mobilizatzen jarraituko dugu, harik eta prekarietatea Osakidetzatik eta Eusko Jaurlaritza osotik ezabatzen dugun arte.

Bestalde, ELAk ez daki EAJ PPrekin eztabaidatzen ari den gaien artean ote dagoen erreforma laboralek euskal eremuko negoziazio kolektiborako eskubidean duten eragina. Ez dakigu, baina gainera Eusko Jaurlaritzak berak espainiar Gobernuari beste lan-erreforma bat eskatu dio, europar epaiaren ondoren bitarteko langileen kalteordainetan zegoen diskriminazioaren aurka jarri diren erreklamazioak direla eta.

Eusko Jaurlaritzak espero du ez dituela kalteordain horiek ordaindu beharko, bi arrazoirengatik: Batetik, Auzitegi Gorenak doktrina bateratzen duenean langileen aldeko epaiak indargabetuko dituela (ebazpen judizial desberdinak daude auzitegien arabera), eta bestetik, Rajoyren gobernuak beste lan-erreforma bat egingo duela kaleratzeagatiko kalteordainak merkatzeko. Diskriminazioa "ezabatuko" litzateke kalteordainik handienak murriztuta (hauek ere azken urteetan aski moztu direlarik).

Eusko Jaurlaritzak berak, Funtzio Publikoko sailaren bitartez, esan du kalteordainen auziari eman beharreko irtenbidea izango litzatekeela "Langileen Estatutua aldatuko duen lege-erreforma bat". Zertarako? Epai europarrari eragin gaiztoa emateko, epaileen xedearekin zerikusirik ez lukeena: kalteordainak oro har jaitsiaraztea. Lakuak aldezten duen posizio hau bat dator Nazioarteko Diru Funtsak enpleguari buruz eman dituen gomendioekin: Espainiako Gobernuari galdegin dio neurriak har ditzala “mugagabeko kontratuak enpresentzat erakargarriago izan daitezen”. Eufemismoak gorabehera, iritzi horien atzean helburu argia dago, kaleratzeen kalteordainak zeharo murriztea, eta hau astakeria litzateke.