EAEko Irakaskuntza Publikoan egonkortasun-akordioa luzatu eta berritzeko oinarri nagusiak adostu dira

2004/06/13

Ekainaren 9an bilduriko EAEko Irakaskuntza Publikoko Mahai Sektorialean irakasle bitartekoen egonkortasun konpromisoa mantendu eta luzatzeko balizko akordio baten oinarri nagusiak adostu ditugu STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuok eta Hezkuntza Sailak. Halere, gutxienekoen hasierako akordio hau beste erredakzio askoz zehatzago bateraino garatu beharra dago ondorengo asteetan. Egonkortasun konpromiso berritu honen izaera bera 2002ko Akordioan bilatu beharra dago, goiko hiru sindikatuak eta hezkuntza administrazioaren artean sinaturikoa, eta bertan jasotzen ziren 2004ko abuztuaren 31ra arteko iraunaldia, data horretatik aurrera luzatzearen aukera, egonkortasuna mantendu edota irabazteko baldintzak eta, noski, konpromiso honen ezaugarri eta baldintza guztiak (kopurua, iraunaldia eta abar) aipaturiko datatik aurrera begira negoziatzearen beharra.

Hau guztia kontuan harturik, azken egunotan 1500 irakasle bitarteko egonkorren artean sorturiko egonezina, esan beharra dago komunikabide zein ikastetxeetan hedaturiko hainbat informazio interesatu eta demagogikok areagotuta, bukatu behar dute STEE-EILAS, ELA eta LAB sindikatuek Hezkuntza Saileko arduradunei lortu dizkiegun ondoko konpromiso hauek:

  • Egonkortasun konpromisoa 2006ko abuztuaren 31ra arte luzatzen da ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten irakasle bitartekari egonkor guztientzat, 1500 horietako gehien-gehienak, jakina.
  • Egonkortasun konpromisoaren kupoa gaur egungo 1500ean finkatzen da.
  • Egonkortasun konpromisoaren izaera estrukturala ziurtatzen da eta, beraz, egonkorren kupoan suertatutako bajak urtero beteko dira.
  • Hizkuntza eskakizunei dagokien ezarritako baldintza dela-eta, 2004ko abuztuaren 31an 1HE kreditatzen dutenek zein 55 urtetik gorako guztiek egonkortasuna mantenduko dute ondorio guztietarako.
  • Egungo irakasle bitartekari egonkor guztiek (hizkuntza eskakizunak bete ala ez) parte hartuko dute 2004-2005 ikasturte hasierako esleipenetan egonkor moduan, urte osoko lanpostuak bermatuz.
  • Hizkuntza eskakizunaren baldintza 2004ko abuztuaren 31n betetzen ez dutenei -hau da, egonkortasun poltsatik aurrerago atera daitezkeenei- aukera bermatzen zaie IRALE programaren barruan euren euskalduntze prozesuan jarraitu ahal izatea, hots, egonkor bezala legokiekeen ibilbidea amaierara arte egiteko, betiere txandak agortu gabe edukita. Hori lortuz gero, noski, egonkortasuna ere bermatuko litzaieke.
  • 2. hizkuntza eskakizuna (2HE) ezinbesteko baldintza bilakatzen da hemendik aurrera egonkortasun konpromisora sartu ahal izateko.
  • Oro har, ondo ikusten dugu gai garrantzitsu honetan aurrera emandako urratsa, batez ere Hezkuntza Sailaren hasierako planteamendu gogorrak jakinda. Ondo dago, bereziki, egonkortasun konpromisoaren kupoaren finkapena, beronen iraunaldiaren luzapena eta ezarritako baldintzen betebeharrarekiko malgutasuna. Dudarik ez, hau guztia hezkuntza kalitate zein irakasleon lan baldintzen onurarako izango da.

    Halere, negoziazioa hasi baino ez da egin eta, goiko aurrerapenak behar moduan baloratu arren, gogoratu beharra daukagu berehala akordio bat gai eta atal ezberdin askok eratzen dutela, oraindik mahairatu ere ez direnak. Gainera, Hezkuntza Sailaren azken bolada honetako inposaketak eta bestelako jokabideek ez diote batere laguntzen egiazko negoziazio kolektibo orokorrari. Beraz, atal konkretu honi buruzko aurre-akordioak ezin du inolaz ere ondorengo besterik ontzat eman, eta ez da batere esanguratsua, ez du inondik inora islatzen hiru eragile sindikal hauen eta Hezkuntza Sailaren arteko oraingo harremana, azken bolada hauetako momenturik hotzenean eta urrunenean baitago.

    Bilbon, 2004ko ekainaren 10ean.