EAEko sektore publikoa
Justiziak onartu du ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurka jarritako demanda aurrekontuetan langileen baldintzak ez negoziatzeagatik

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartu egin du ELAk aurrekontu proiektuari dagokionez Eusko Jaurlaritzaren aurka jarritako helegitea. Sindikatuak salatu zuen ez zirela sektore publikoko lan baldintzak negoziatu 2025eko aurrekontu proiektua onartu aurretik, legeak agintzen duena urratuz.
Eusko Jaurlaritzaren eremuan nagusia den sindikatuak prozedura honekin gogorarazi du Pradalesen gobernuak egin dituen lehen aurrekontuetan sindikatuei ez zietela deitu ere egin, nahiz eta horren bitartez finkatzen diren euskal administrazioetako beharginen soldata igoerak, hain zuzen Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten duten 100.000 enplegatuentzat, baita enplegu publikorako sarbidearen inguruko beste kontu batzuk ere.
Eusko Jaurlaritzak helegitearen kontrako jarrera itxia agertuagatik ere, ez baitzuen nahi auzitegiak demanda onar zezan, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazio auzibideko Aretoak ontzat eman du sindikatuaren eskaria.
Orain demandaren ibilbide judiziala hasiko da; ELAk eskatuko du aitor dadila Eusko Jaurlaritzak, legean ezarritakoaren arabera, sindikatuekin negoziatu ditzala soldatak eta enplegua. ELAren iritziz, gobernuak askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiborako eskubideak urratu zituen, eta hauek berrezarri egin behar ditu.