EAEko Klima Aldaketari buruzko legea ez da eraginkorra izango eta propaganda hutsa da

2011/05/25
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak onartu duen EAEko Klima Aldaketaren legeak arazoari aurre egiteko neurri konkreturik ez duela hartzen. Administrazioari soilik eragiten dien baldintzak ezartzen dira benetakoa arazoa alde batera utziz: industria (orokorrean eta konkretuki energiaren sektorea), garraioa eta gehiegizko kontsumoa.

Onartu den legeak administrazioak bete beharreko baldintzak jartzen ditu gas igorpenen murrizketan, energia aurreztean eta “kontratazio publiko berdean”. Ez die inongo murrizketa eraginkorrik inposatzen kutsatzen dutenei eta ez du justizia klimatikorik aplikatzen, ez baitu onartzen EAEk herrialde industrializatu bezala duen erantzukizuna.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak Berotegi Efektuko Gasen Inbentariotik ezabatu egin dituela Kiotoko Protokoloarekin konparatu daitezkeen datuak. Hau manipulazio larria da, Kiotoko Protokoloa betetzen dela sinestarazi nahi baita, baina ez da horrela. Horregatik exijitzen dugu gainontzeko herrialdetako datuekin konparatu ahal izateko datuak eman ditzatela.