EHUNGINTZA ETA OINETAKOEN MERKATARITZA

EAEko langileen grebak jarraipen zabala izan du, beren lurralde-hitzarmenen defentsan

2024/11/04
Azaroaren 2an, EAEko ehungintzako eta oinetakogintzako merkataritza-sektoreetako langileek greba-egun bat egin zuten berriro, estatu mailako ehungintza eta zapata dendetako I hitzarmena ez aplikatzeko aldarrikatzen.

Estatu mailako hitzarmen honen negoziazioa 2023ko uztailean hasi zen, eta ordutik EAEko langileek 10 greba-egun baino gehiago egin dituzte, Estatuko hitzarmen baten aurrean blindatzeko aldarrikapen bakarrarekin. Hitzarmen hori aplikatuz gero, sektoreko lan-baldintzak larriki kaltetuko lituzke hiru lurraldeetan.

Azaroaren 2an berriz ere kalera atera ziren eta hainbat protesta egin ziren. Itxi ziren ARTE patronalaren parte diren kate nagusietako denda asko, Inditex, H & M, Primark, Tendam, Kiabi besteak beste, eta negoziazio hau bultzatu dutenak hain zuzen ere.
Bizkaian grebaren ondorioz itxi ziren Max Center eta Ballontiren Pull & Bear, Oysho Artea eta Gran Via, Calzedonia Gran Via, Fiftyren denda guztiak, Max Centerren Cortefiel, Arteako Woman Secret eta Massimo Dutti.

Araban ere jarraipen handia izan du grebak, eta honako denda hauek ezin izan zuten ireki: Woman Secret, Natura, Decima, Tezenis, Mayoral, Parfois, Intimissimi, Bershka eta H & M eta Primark.

Gipuzkoan, greba egun horretan, H & M, Oysho, Intimissimi, Parfois, Woman Secret, Fifty eta Tezenisen denda guztiak itxi zituzten, eta, itxi ez bazituzten ere, oso langile gutxirekin ireki zituzten Massimo Dutti, Zara Home eta Primark.
EAEko langileek argi dute borroka ez dela amaitu eta bide horretatik jarraituko dutela estatuko hitzarmenaren aurrean blindatzen ez diren bitartean.