ANBULANTZIAK

EAEko osasun garraioko hitzarmenaren aurreakordioa lortu du ELAk

2024/04/19
EAEko azpikontratatutako osasun garraioko negoziaketa mahaian %44,29ko ordezkaritza du ELA sindikatuak, eta patronalekin hitzarmena berritzeko akordioa lortu du. 1.700 bat langilerentzako hobekuntzak jasotzen dira, eta ondorioz, otsailaren 19an hasitako greba mugagabea bertan behera geratuko da.

Hitzarmen berri horrek 2022-2028 indarraldia izango du eta aurrerapauso nabarmenak ditu Osakidetzako langile zuzenen baldintzetara berdintzeko, batik bat soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan. Izan ere, %30,64rainoko soldata igoerak lortu dira, eta lan jardunaldia 124 ordu urtean murriztea. Soldatei dagokionez, 2022. eta 2023. urteetan %5ko igoera izango dute, 2024-26 %3,5ekoa urtero, eta 2027ean KPI+%1,5, %3,75 topearekin eta 2028an %4. Horrela, orain arte galdutako erosahalmena bermatzen da. Bestalde, indarraldi amaieran %4ko eguneratzea adostea lortu da, eta 2029rako KPI guztiak bermatuak izanda ere, %4ko igoera hori ziurtatuta dute.

Lanaldi murrizketari begira, urtean 124 ordu gutxiago egingo dituzte. Egun 1.712 lanordu egiten dituzte, eta urtero egingo diren murrizketekin, 2029an 1.588 ordu izango dituzte, alegia, Osakidetzako langileen pare. Bestalde, hitzarmen berriak inaplikazio klausula eta ultraktibitate klausula ere jasotzen ditu. Horrela, adostutakoa beteko dela ziurtatzen da, eta hitzarmean 2028tik aurrera sinatu ezean, egungoaren aplikazioa ziurtatuta dago. Hobekuntza horiez gain, aintzinatasunean ere %1ko igoera jaso da, eta errelebo kontratua mantentzea. Kategoria profesionalen eguneraketa adostu dela ere aipatu gabe ezin utzi.

Horregatik guztiagatik, langileen arteko parekatzea lortzeko urrats garrantzitsuak lortu dira, eta ELAk jarraituko du lanean parekatze hori erabateakoa izan dadin. Orain, afiliatu guztiekin asanbleak egingo dira. Era berean, ELAk azpimarratu nahi du patronalaren eta Osakidetzaren utzikeriagatik luzatu dela hainbeste gatazka, hauteskundeen atariraino. ELAk nabarmendu nahi du langileen mobilizazioari esker lortu direla eduki horiek mahai gainean jartzea. Bide horretan jarraituko du sindikatuak lanean, helburu guztiak lortzeko.