SUTEAK PREBENITZEKO LEGEA
EAEko suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lege proiektua bertan behera uzteko eta negoziatzeko eskatu du ELAk

Legearen gabezia nagusiak honako hauek dira:
-
Ez dio aterik ixten pribatizazioari, eta ez du bermatzen zuzeneko kudeaketa.
-
Langileen intirinitatean eta behin-behinekotasunean sakontzen du. Gainera, lehentasuna ematen dio Arkautari, bai sarbiderako, bai prestakuntzarako.
Ez ditu suhiltzaileen aldarrikapen historikoak jasotzen: ez dago C1 taldera igarotzerik ordainsarien igoerarekin, ez du ezer arautzen Lan Arriskuen Prebentzioan, ez dago bigarren jarduerarako eskubiderik, ezta karrera profesionalerako eskubiderik ere...
Gainera, Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak azpimarratutako Legearen indarguneek ez dute inolako berritasunik ez benetako konponbiderik ekartzen. Nahiz eta sailburuak ziurtatu zuen Legeak segurtasun handiagoa eskainiko ziela langileei, gogoratu behar da suhiltzaileak agintaritzaren agenteak direla 1996tik, Euskadiko Larrialdiei buruzko Legearekin. Antzeko zerbait gertatzen da zerbitzuen mugikortasunarekin, beste lurraldeetan jarduteko: hori zerbitzu guztietan egiten ari da jada, hurbiltasuna lehenetsiz. Azkenik, plazen % 25 eta % 40 emakumeentzat izango direnaren iragarpenari dagokionez, ELA berdintasunerako benetako neurrien alde dago, baina ez itxurakerietan oinarritutakoetan.
ELArentzat garrantzitsua da EAEko suhiltzaileen lege bat izatea, baina ez edonola. Hauek dira sindikatuak defendatzen dituen puntuak:
Lege honen xedea zerbitzu publikoak eta profesionalak esklusiboki arautzea izan behar da.
-
Legeak administrazio publikoen zuzeneko kudeaketaren betebeharra jaso behar du, pribatizazioari ateak itxiz.
-
Sarbideari dagokionez, erakunde bakoitzak bere LEPak egin behar ditu. Oposizioak Arkautek egiten baditu, administrazioetan beharrezkoak diren profilei buruz erabakitzeko erabateko gaitasuna aitortzen zaio. Arkautek egindako LEPen lehen esperientzia negargarria izaten ari da.
-
Legeak amaiera eman behar die SPEISen gaur egun ditugun bitartekotasun tasei.
-
Legeak aurrez aipatutako langileen aldarrikapen historikoak jaso behar ditu.
Gogoratu behar da aurreko aurreproiektua gogor gaitzetsi zutela bai sindikatuek, bai suhiltzaileek. Mobilizazio ugari egin zituzten, eta Eusko Jaurlaritzak atzera egitea erabaki zuen. Oraingo honetan, ELAk berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari aurreproiektua bertan behera uzteko, eta langileen ordezkariekin zein zerbitzuekin negoziatzera eseri dadila. Era berean, suhiltzaileei dei egiten die berriro mobilizatzeko, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzua eta salbamendua.