EAJ, EH Bildu eta LABen akordioak Eusko Irratian 30 lanpostu deuseztatzen ditu

Eusko Irratian eta EITB taldean gehiengoa duen zerbitzu publikoetako ELA-GIZALAN federazioaren ustez atzo Administrazio Kontseiluak hartutako erabakia oso larria da, honako arrazoiengatik:
- Administrazio Kontseiluak bere egin du Urkulluren gobernuak proposatu duen irtenbidea, azken urteetan kontratazioetan izan diren irregulartasun larrien ostean. Ezin da onartu, ELAren iritziz, egoera hau amaitzeko 30 lanpostu amortizatzea.
- Bere erabakiarekin Administrazio Kontseiluak Jaurlaritzari babesa ematen dio azken urteotan zerbitzu publikoetan aplikatzen ari den murrizketa eta enplegua suntsitzeko ildoan. Enplegu galera honek euskal irrati-telebista publikoaren kalitateari kalte egiten dio. Kontseiluko akordio politikotik haratago, enpresaren erabaki unilateral bat dugu hau. ELAk salatu behar du Jaurlaritza, bestelako propaganda eginagatik ere, Administrazioan oro har enplegua suntsitzen ari dela, zuzenekoa zein zeharkakoa dela ere. Erakundearen zuzendaritzak lanpostuak amortizatzeko eman dituen argudioak (hitz gutxitan, aurrekontu arazoak) gobernuak berak Administrazioko gainerako sailetan ematen dituen azalpenen antzekoak dira. Hauek onartzea gure ustez Jaurlaritzaren aurrekontu-politikari onespena ematea da: ez da inola ere egia ezartzen diguten aurrekontu-politikarentzako alternatiba bakarra plantilla murrizketak direnik.
- Administrazio Kontseiluan LABek eman duen aldeko botoa salatzen dugu. ELAk lehenik argitu beharra dauka LAB Kontseiluan egotea ez dela inongo akordio sindikalen ondorio, Legebiltzarrean erabaki baitzen alderdi politikoen artean. Bigarrenik, Administrazio Kontseiluaren erabakia babestuz LABek Irratiko Zentroarteko Batzordeko kide den aldetik hartu zuen konpromisoa zapuzten du; apirilaren 24an onartu zen testuan honakoa esaten zen: “Eusko Irratiko Zentroarteko Batzordeak datorren astearterako, apirilak 29, elkarretaratze bat deitu du Administrazio Kontseiluari adierazteko erabaki nahi duen plantilla murrizketaren aurka gaudela”. ELAk ez du arrazoi sindikal bat ere ikusten atzoko akordioa onartzeko.
EAJk, EH Bilduk eta LABek hartutako erabakia langileen ordezkaritzaren gehiengoak plazaratutako aldarrikapenaren aurka doa. Ordezkaritza sindikalarekin adostutako EPE baten alde mobilizazioak egin ditugu; enplegu eskaintza horrek legezko prozedurak errespetatu behar ditu, euskalduntze politikari eutsi, eta inongo kasutan ezin du enplegurik suntsitu. Kontseiluaren akordioak ez ditu betetzen ELAk funtsezko jotzen dituen baldintza horiek.