EAJ eta PSEk edukirik gabe utzi dute Herri Ekimena, 110.000 sinaduraren sostengua izan arren

2016/04/06
EAJ eta PSEk edukirik gabe utzi dute Herri Ekimena, 110.000 sinaduraren sostengua izan arren
Bihar, osteguna, apirilak 7, Eusko Legebiltzarrean behin betiko bozketa egingo da Legegintzako Herri Ekimenari buruz, ELAk bultzatu eta 110.000 pertsonak sinaturiko ekimenari buruz. Bihar berretsiko dute formalki EAJk eta PSEk aldez aurretik adosturik duten testua. Testu horrek eta ELAk aurkezturiko LHEk ez dute elkarren antzik inongo aldetik. Alderdi horien artean adosturiko testuak ez die berme gehiagorik emango euskal administrazioen menpeko azpikontratetako 55.000tik gora langileei.

EAJren eta PSEren asmoa biharko bozketa oharkabean pasatzea da, eta hortaz biharko Osoko Bilkuran, bozketaz gain, euskal kutxen alderdi batzuk eta Udal Legea ere jorratuko dira.

ELAk jendaurrean salatu nahi ditu EAJren eta PSEren borondate politikorik eza, milaka pertsona azpikontratatuekiko gutxiespena, eta LHE sinatu duten 110.000 herritarrekiko begirune eskasa. Bi alderdi horiek gehiago begiratzen dute enpresen etekinengatik, langileen baldintzengatik baino; gehiago axola zaizkie beheranzko esleipenak, langileen soldatak eta baldintzak baino.

Urkulluren gobernuak agerian utziko du bihar, berriz ere, enpresetara lerratzen dela, eta langileen interesak, aldiz, hitz ederrez bakarrik zaintzen dituela.