EAJk Bizkaiko Foru Aldundia erabiltzen du ELAk Legebiltzarrean aurkeztutako herri ekimena leherrarazteko
EAJk ez zeukan borondaterik debate hori gauza zedin; hain zuzen, legebiltzarkide jeltzale batek esan zuen “zuek 110.000 sinadura dituzue, baina guk, aldiz, 384.000 boto”; nabarmen geratu zen HELei dieten errespetua.
ELAren ustez ezin da onartu Legebiltzarrak erabaki hura hartu ostean, EAJ orain Bizkaiko Aldundiaz baliatu eta Autonomia-Estatutuko 39. artikuluan jasotako prozedurari heltzea: “eskumen-arazoa” dagoela argudiatu du. Aldundiak (EAJk) HEL ez tramitatzeko prozedura hau erabiltzen du, “eskumenak urratzen” dituelako aitzakiaz. Zer egin dute, bada? Trikimailu legal bat erabili da azpikontratazio politikaz eztabaidarik izan ez dadin. Gauza jakingarria da ELAk hainbat talde parlamentariorekin izan dituen harreman eta bileretan (EAJ barne) “eskumen-arazoa”ren argudioa ez zela inondik ere agertu.
Aldundiak Legebiltzarraren lana eragoztea erabaki du aipatu ere egin gabe zein arau edo eskumen legal urratuko litzatekeen. Ez du inola ere justifikatu eskumen-arazoari ekiteko eskaria.
Nolanahi ere, eztabaida juridikoa gorabehera, honez gero eskandaluzkoa da euskal esparruko alderdi batek Legebiltzarrari ukatzea edozein gairi buruz eztabaidatu eta erabakitzeko ahalmena. Azpikontratazioa ez da gai bakarra; hor dugu ere zerga-politika, tabu bihurtua. Jarrera honek neoforalismorik zaharkituena eta taifa-erresumen garaia dakarkigu gogora.
Bizkaiko Aldundiaren ekinbideak berehalako ondorioak ditu. HELaren tramitazioa eten egiten da, eta hau gauzatuko den ala ez Legebiltzarretik kanpoko batzorde batek erabakiko du, zeinetan hiru kide Jaurlaritzari dagozkion, beste hiru EAEko hiru Aldundiei (bana), eta zazpigarrena, EAEko Goi-Auzitegiko burua.
ELArentzat begibistakoa da eztabaida politikoari gai sozialetan ezartzen zaiola betoa, eta horren xedea negozio pribatuak lehenestea dela. Deigarria da, baina negozio pribatuak babestu nahi direnean, erabiltzen diren argudioak Estatuak erabakitzeko ahalmena ukatzen digunean aipatzen dituen modukoak dira. Nork mugatzen du Legebiltzarreko eztabaida? EAJk. Nork mespretxatzen du 110.000 herritarren borondatea? EAJk. Zein interesen alde ari da lanean? Kontratu publikoa lortzen duten enpresen interesen alde; enpresa hauek arriskurik hartu gabe irabazten dute dirua, enplegua suntsituz eta azpikontratetako langileak esplotatuz.