EAJk eta PSE-EEk euskal langile-klaseak hautatutako ordezkaritza sindikala gutxiesten dute

Adolfo Muñoz “Txiki” Idazkari Nagusiak eta Mikel Noval eta Amaia Aierbe Batzorde Eragileko kideek Eusko Jaurlaritzaren asmoa salatu dute. Izan ere, EAEn elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioa arautuko duen dekretuak Euskal sindikalismoaren errealitatea mespretxatzen du.
Bestalde, ELAren iritziz ez da anekdota hutsa Jaurlaritzak uda garaia aukeratu izana horrelako gaiak plazaratzeko; ez da lehenengo aldia ere: duela bi urte uztailaren amaieran hitzartu zuen Confebask, CCOO eta UGTrekin negoziazio kolektiboko gutxiengoen akordioei babesa ematea.
Elkarrizketa sozialaren mahaiaren eginkizunak oso mugatuak dira; esaterako, zerga- eta aurrekontu-politika ez daude horien artean. ELAren ustez, hain gai mugatuak aintzat hartzearen arrazoia da Eusko Jaurlaritzak mugimendu sindikalari egozten dion posizioa: ukatu egiten dio gure iritziz oinarrizkoak diren gaien inguruko eztabaida eta negoziazioa. Elkarrizketa sozialaren ikusmolde hau, guztiz gezatua, Jaurlaritzaren ustez sindikatuei dagokien eginkizunaren araberakoa da. Dagoeneko 2014an administrazioaren beraren dokumentu batean esaten zen sindikatuok “uko egin ezineko” ardura bat dugula: Gobernuak egiten dituen politikak partekatzea.
Jaurlaritzak Mahaiaren funtzioa mugatu egiten du: aldaketak, iradokizunak edo ekarpenak proposa ditzake “jakinarazten dizkioten ekimenei buruz”, eta argi geratzen da adostasunik ezak ez duela “inola ere etengo edo oztopatuko” dagokion ekimenaren “izapideek aurrera jarraitzea”.