EAJk, PSEk eta PPk berriz ere sostengua eman diote patronalari

2018/05/10
Eusko Legebiltzarrean elkarrizketa sozialaren alde bozkatu den adierazpena, zeina EAJren, PSEren eta PPren botoei esker atera den aurrera, porrot egin duen eredu bat bere onera ekartzeko saiakera baino ez da. Ildo beretik, Confebask patronalak prekaritatea hedatzeko daraman estrategiari sostengua ematen dio.

ELAk berriro dio: elkarrizketa sozialeko mahaia atzera geratu zen garai bati dagokio, Jaurlaritzaren alde dauden alderdiek "hilda dagoena berpizten" saiatuagatik ere.

Elkarrizketa sozialaren xedea da mugimendu sindikala bere lan-ildoetatik aldentzea: antolakuntza, alternatiben garapena eta jendearen mobilizazioa. Sindikatu honek langileen baldintzak hobetzeko bere konpromisoari eusten dio, lan arloan zein sozialean, eta hori ezinezkoa gertatzen da elkarrizketa sozialeko mahaietan; hauetan parte hartzen dutenek patronalaren eta unean uneko politika antisozialak laguntzen dituzte.