EAJk, PSEk, PPk eta VOXek Oinarrizko Errenta Unibertsala Legebiltzarrean eztabaidatzearen aurka bozkatu dute

2022/05/05
ELAren ustez, ikuspuntu demokratikotik onartezina da Eusko Legebiltzarrak -zehazki, EAJk, PSEk, PPk eta VOXek- uko egitea gutxieneko baldintza materialak bermatuko lituzkeen Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzeko Herri Ekimen Legegilea (ILP) eztabaidatzeari. Gertaera isolatua ez dela dio sindikatuak, eta gogorarazi du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldez aurretik pobreziari eta bazterketari aurre egiteko asmoz aurkeztu zuen `Kalitatezko gizarte babeseko sistema publiko baten alde" izeneko Herri Ekimen Legegilea ere baztertu zuela Parlamentuak.

“Paradoxikoa da gaur aurka bozkatu dutenek egungo gizarte prestazioen sistema defendatzea eta hura erreformatu behar dela esatea, baina sindikatuen eta gizarte mugimenduen argudioak eta proposamenak entzun nahi ez izatea”.

ELAren ustez, premiazkoa da gizarte babeseko sistema erreformatzea, bai gizarte prestazioei dagokienez, bai bizi baldintza duinak modu eraginkorrean bermatzeari dagokionez ere; are gehiago gizarte premiak areagotu diren une honetan.

HEEak 22.075 sinadura ditu eta legezko baldintza guztiak betetzen ditu. Pobreziarekin amaitzea, aberastasuna banatzea eta pertsona bakoitzarentzat gutxieneko baldintza materialak bermatuko dituen errenta jasotzeko eskubidea babestuko duen gizarte batean urratsak egitea du helburu.