energia enpresa handien zerga
EAJren energia enpresa handiekiko menpekotasunak 100 milioi euroko kostua izango du EAEko diru kutxa publikoetan

Diputatuen Kongresuak indargabetu egin zuen atzo 2025ean energiari zerga ezartzeko dekretua. EAJk, PPk, Voxek, Juntsek eta UPNk zergaren aurka bozkatu dute, eta gainerako alderdiek (Coalicion Canaria izan ezik, abstenitu egin baitzen) alde bozkatu dute.
Indargabetutako testuak zerga bat ezartzen zien 2025ean energia sektoreetan operadore nagusitzat hartzen diren erakundeei, baldin eta 2019an 1.000 milioi eurotik gorako negozio zifra garbia bazuten. Hau da, energia konpainia handiei baino ez die eragiten.
Zerga hau indargabetuta dagoenez, Repsol edo Iberdrola bezalako enpresen akziodunen esku utziko du administrazio publikoek bildu izan dutena: 200 milioi inguru EAEn 2023tik 2024ra bitartean, eta 3.000 milioi urtean Estatuan.
Gogoratu behar da azken urteetan enpresa energetikoak errekor irabaziak izaten ari direla. Adibidez, Repsolek, zeinaren kontseilari delegatu Josu Jon Imazek presio egin baitio EAJri zerga honen aurka bozka dezan, 2.500 milioi irabazi zituen 2021ean, 4.250 milioi 2022an, 3.168 milioi 2023an eta 1.625 milioi 2024ko lehen sei hilabeteetan.
Horrelako erabakien ondorioz, aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da, eta pobrezia handitzen ari da, ekonomia hazten ari den bitartean.