EAJren eta PSE-PSOEren arteko akordioa iruzur soziala

2013/09/24
EAJren eta PSE-PSOEren arteko akordioan berez, ez dago sakoneko neurririk egoera honetatik ateratzeko. Gauza bat esan eta justu kontrako edukidun politikak hitzartzea iruzur sozial izugarria dela uste du ELAk. “Propaganda operazioaren atal bat dela”, adierazi du Adolfo Muñoz “Txikik gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak eta Julene Gabiola, ikerketa bulegoko kideak hartu dute parte ELAren agerraldi publikoan.

ELAren iritziz enplegu alorrean ez dago neurri berririk. “Egungo gobernuak aurreko legealdian indarrean zeuden politika eta programa berdinekin jarraitzen du, baina aurrekontu txikiagoz. Enplegu eta prestakuntzako politiketan Madrilen erabakitako jardunbideak ezartzen dira, guztiok badakigun arren porrot egin dutela. Enplegu Plana aurrez zegoenaren kopia hutsa da”.

ELAren esanetan fiskalitate alorrean era gauza berdina gertatzen da. Esan liteke ia ezerezean geratu dela iragarritakoa. EAJk eta PSE-PSOEk hainbat hilabetez komunikabideetan errepikatu izan dute, bat ere informazio zehatzik eman gabe, arlo fiskalean akordio bat beharrezkoa zela. Halere, ikusiko dugunez, akordioaren hautua ukitu txiki batzuk egitea da, fiskalitateko arazoei benetan ekin gabe: soldatapeko ez direnen errentetan dagoen iruzur itzela eta zerga-politika injustua, errenta altuei eta kapitalari pribilegiozko tratua ematen diena. Bi arazoak medio Hego Euskal Herriko presio fiskala (BPGren %30,2) batez besteko europarra baino askoz apalagoa da (BPGren %38,8), eta baita espainiar Estatukoa baino baxuagoa ere...

Muñozek baztertu egin du erreformaren bidez 500 milioi gehiago bilduko direnik urtero, EAJk eta PSE-EEk kopuru hori aipatu duten arren. Errenta zergan eta sozietate zergan egin nahi dituzten aldaketak indarrean jarriz gero ogasunek 170 milioi gehiago bilduko dituztela kalkulatu du ELAk. 500 milioi eurotara iritsi ahal izateko, defizit muga handiagoari esker Eusko Jaurlaritzak egin ahal izango duen 330 milioiko zorpetze gehigarria batu diote jeltzaleek eta sozialistek, Muñozen arabera. Izan ere, urte hasieran Espainiako Gobernuak esan zien erkidegoei 2014an gehienez BPGaren %0,7ko defizita pilatu ahal izango zutela, baina azkenean %1,2koa baimenduko dio Jaurlaritzari. 

"Egoera sozial dramatiko honetan" urtean 170 milioi gehiago biltzea gutxi iruditu zaio Muñozi, EAEren presio fiskala Europako Batasuneko batez bestekoa baino 5.300 milioi eurokoa delako.  "Hori iruzur sozial bat da", esan du.