EATON eta UTE TMBko langileek elkarretaratze bat egin dute Bizkaiko Batzar Nagusietan

2016/05/25
EATON eta UTE TMBko langileek gaur goizean elkarretaratze bat egingo dute Gernikan, Batzar Nagusiak Osoko Bilkuran dauden bitartean, bi enpresa horietako lan-gatazken konponbidean Bizkaiko Foru Aldundiaren esku hartzea eskatzeko.

EATONen kasuan lantegi horren etorkizuna dago kolokan. ELAk lantegia bideragarria dela deritzo, arazo bakarra multinazional horren gehiegikeriak eta fede txarra da; zeren, etekinei lehentasuna emanez, Derion egin ohi den ekoizpena Errumaniara eta Serbiara deslokalizatzea proposatu baitu. Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran lantegi horren problematika aztertu da, eta ELAk esku hartzeko eskatzen dio Aldundiari, bideragarri den proiektu bat behin betiko galtzen ez uzteko.

Halaber, joan den ostiralean amaitu zen espedientearen kontsulta-aldia. Eta, enpresak azkenean erabakiko duenaren zain, 39 langile kaleratzea ekarriko du, eta gainerakoei ez zaie geroa bermatuko. Plantillak hilabete bat bete du greba mugagabean, eta borrokan jarraitzeko prest dago. ELA demanda judiziala prestatzen ari da, lanpostu guztien alde, eta epaitegian espedientea deusez deklaratzearen alde. Gainera, bihar bilera egingo da Eusko Jaurlaritzan Lan Ikuskaritzako eta Lan Saileko arduradunekin; eta han bide batez eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzari langileen alde egiteko, multinazionalaren alde egin beharrean.

Bestalde, UTE TMBko langileek 56 egun bete dituzte greba mugagabean lan-baldintza duinak eskatuz, Bizkaiko Aldundiak sustaturiko proiektu batean. Ez da itxurazkoa Aldundiak beste aldera begiratzea, bere ardurapeko hondakinen tratamenduaren plan estrategikoan lan egiten duen pertsonalaren lan-baldintzak aztertzean. Gatazka horretan eskurik ez hartzeak eta UTE TMBko pertsonalaren baldintzak ez hobetzeak agerian uzten dute zein-nolako langileak nahi dituzten gure agintariek: eskubiderik gabekoak, eta gero eta baldintza txarragoetan lan egin behar dutenak. Aldundiak badaki proiektu horretako langileek askoz baldintza txarragoak dituztela, sektorean bataz bestez dituztenak baino (behin-behinekotasuna, lanaldi partzialeko kontratuak, lanaldi luzeagoak, soldatak, lan-osasuneko baldintzak...).