ECNko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte

2015/01/20
ECNko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte
Gasteizko lantegiaren etorkizuna bideratzeko asmoz zuzendaritzarekin bilera berriak hizartu zituzten, baina albisterik ez dutela salatu dute. Mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen egunetarako. Bihar eta hilaren 28n auto karabanak egingo dituzte Gasteizko hirigunetik, eta urtarrilaren 31n, larunbata, manifestazioa egingo dute hirian,

Langileen Batzordearen agiria:

2014ko azaroan General Cable multinazionalak, lehengo ECN, amaiera-EEE bat egiteko bere asmoa jakinarazi zuen, Gasteizko lantegia ixteko; eta ordutik hona langileak kaleratuak izateko mehatxupean bizi dira. Izan ere, ustezko salmenta bat errazteko negoziazioak luzatu dira, baina bitartean langileek ez dute argibide nahikorik jaso hasierako asmo hura bertan behera geratu dela pentsatu ahal izateko.

Legeak kontsulta-aldirako ezarrita duen epea amaitu ondoren, enpresak epea luzatzeko aukera proposatu zien langileei hirugarren batzuen interesa, eta beraz balizko salmenta bat, argudiatuz. Horrela, industria-jarduera eta lanpostuak mantenduko ziren. Hala eta guztiz ere, aukera hura mahai gainean jarri zenetik, eta epea luzatu zenetik, langileak kaleratzeko asmoa bertan behera utzi dela pentsarazten duen albisterik ez da izan. Enpresa Batzordeak hasiera-hasieratik adierazi du kaleratze horiek alde bakarreko erabaki bidegabe bat dela, saihestu daitekeena. Batzordearen iritziaz enplegu-espedientea multinazionalaren apeta besterik ez da, legeria aldeko dutela jakinda bururatu zaien ideia, langileekiko batere begiramenik izan gabe.

Enpresa Batzordeak salatu nahi ditu, gainera, langileek jasandako etengabeko gezurrak eta xantaia. Orain enpresak berriro jan du lehen emandako hitza, zeren epe-luzapenaren arrazoiak balizko salmenta hori erraztea eta informazioa ematea ziren; eta oraingoz ez bata, ez bestea, ez dirudi gauzatzeko bidean daudenik.

Horregatik guztiagatik gure babes gabeziaren eta etsipenaren berri eman nahi diegu gizarte osoari eta herri-erakundeei, eta gure arazoa ezagutzera ematearren mobilizazio-deia egiten diegu ECNko langileei eta Gasteizko herriari gure mobilizazioetan parte har dezaten.