EEEa (ERE) aurkezten duten enpresei dirua musu truk

2009/02/10
ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzak gaur hartu duen erabakia, prestakuntza-planak finantzatzeko, etendura-espedienteak dituzten enpresetan, gaitzesgarria da.

1.     Eusko Jaurlaritzak diru-kopuru itzelak emango dizkie opari enpresei, bidezko arrazoirik gabe. Plan horren aurrekontua 31 milioi eurokoa da, eta etendura-espedientearekin batera prestakuntza-plana ere aurkezten duten enpresak ditu helburu. Harrigarria da aurrekontu horren munta Hobetuz-ena baino hiru aldiz handiagoa izatea. Aurrekontuaren helburu nagusia enpresei dirua helaraztea da; hori horrela, neurri kaltegarria ere izan liteke; zeren, diru-laguntzak jaso ahal izateko, horrelako espedienteak aurkeztu behar direnez, azken batean espedienteak sustatzeko balioko du.

2.     Emango den prestakuntza zalantzazkoa da. Planak enpresek prestatzen dituzte, eta edozein prestakuntza-mota izango da laguntzeko modukoa. Badirudi enpresei dirua emateko zidorra dela, enpresek prestakuntza-planak aurkezten dituzte, edonolakoak izanda ere, eta Gobernuak eurrez bidaltzen die dirua.

3.     Plana eztabaidatu gabe onetsi dute. Gobernuak plana onetsi baino egun bat lehenago eman digu ezagutzera, behin eduki guztiak erabaki eta itxi ondoren. Jardunbide hori ez da batere gardena, batez ere, hau bezain garrantzitsua den gai batean. ELAk salatzen du Gobernuaren jokabide ganoragabea.

4.     Jaurlaritzak bere hartan jarraitzen du zabalkunde-politikaren bidetik. Gobernuak neurri horren bidez erakutsi digu ez dagoela prest politikak aldatzeko. Gobernuak beste pauso bat eman du zabalkunde eta propagandaren politikaren bidetik, krisiari aurre egiteko neurriak hartzen dituelako itxurak eginez. Hala ere, horrelako neurriek ez dute ezertan lagunduko enplegu-mailari eusten, baina bai lagunduko diete enpresei espedienteak merkeagoak izan daitezen.