DIVIPA (DERIO)

EEEaren kontsultaldia akordiorik gabe amaitu da

EEEaren kontsultaldia akordiorik gabe amaitu da
ELAk Derion proiektu industriala eta 56 lanpostu mantentzea eskatu du bilera guztietan. Fedrigoni multinazional italiarrak uko egin dio aurretik erabakitako itxiera bertan behera uztea.

Joan den irailaren 22an, akordiorik gabe amaitu ziren Divipan planteatutako enplegu erregulazioko espedientearen inguruko negoziazioak. ELAk hasieratik adierazi du alegatutako arrazoiek ez dutela oinarririk, eta ez direla egiaztatu. Fedrigoni multinazionalak, Diviparen jabeak, esan du ez dagoela aukerarik Derion industria proiekturik mantentzeko.

Fedrigonik deslokalizazio osoa eskatzen du, eta hala erakutsi du kontsulta aldian. Orain, multinazionalak 15 egun ditu enplegu erregulazioko espedienteari buruzko azken erabakia emateko. ELAk hainbat proposamen egin zituen kontsulta aldian, eta enplegua defendatzen jarraitzen du, eta ondorioz, enplegu erregulazioko espedientearen aurkako salaketa juridikoa prestatzen hasiko da.

Azkenik, sindikatuak erantzunkizun aktiboa eskatzen die erakundeei Derioko Divipa enpresan enplegua eta proiektu industriala defendatzeko. Hilaren 29an, ELAko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Industria arduradunekin bilduko dira. Bitartean, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du.