Egonkortasuna eta soldata duina, irakasle guztientzat

2005/11/30

Pasa den kurtso amaierako mobilizazioen ondoren argi-ilunak somatzen ditugu irakaslegorako gure aldarrikapen nagusien inguruan: egonkortasuna eta soldata duinak. Izan ere, egonkortasunaren kasuan aurrera pausuak eman badira ere (Hitzarmena badago baina bere gauzatzea izozturik dago Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen garapen ezagatik), ordainsarien inguruan ez dago aurrera pausurik eta negoziazioa etenda dago.

Bilera bakarra izan dugu Eusko Jaurlaritzarekin, irailean. Bertan negoziazioa irekita zegoela eta ordainsarien inguruko azterketa zabala (ez bakarrik osagarrien Dekretua) egiteko prestutasuna agertu bazuten ere, geroztik ez dugu izan inongo proposamenik ezta negoziaziorako egutegirik ere. Bestalde, uztailean Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak irakasleen ordainsarien hobekuntza orokorraren aldeko adierazpena onartu zuen aho batez.

Egoera honetaz ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok egiten dugun balorazioa ezkorra da. Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak ordainsari-sistema duin eta ez-diskriminatzailea osatzeko eskaintzen duen aukera baliatu beharrean Eusko Jaurlaritzak eta Unibertsitateak aurreko "euskotramo" ilegalak abiarazitako irakasleen arteko diskriminazioak sakontzeko bidea hautatu dutela somatzen dugu. Honek irakasle guztien ordainsariak duintzeko beharretik eta beste Administrazioetako langileekiko soldata-parekotasun helburutik urruntzen gaitu, eta batez ere, sistema honetatik kanpo geratzen diren irakasle multzo zabalaren hobekuntza esperantzak zapuzten ditu. Gu ez gaude hori onartzeko prest, eta are gutxiago, sindikatuekin negoziaziorik burutu gabe. Horregatik, ELA,LAB eta STEE-EILAS sindikatuok ondokoa exijitzen diegu UPV/EHUko Errektore-Taldeari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari:

1. Ezinbestekotzat jotzen dugu Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak zehazten dituen Irakasle Laboral Iraunkorren irudiak lehenbailehen garatzea, egonkortasuna onartu zaien irakasle kontratatuak aipatu irudi laboral iraunkorretara egokitzeko uztaileko Egonkortasun Hitzarmenak zehazten duena gauzatzeko.

2. Irakasle guztientzako ordainsari duinak lortu ahal izateko, eta soldata-parekotasunari begira, irakasle guztiei gutxienez 5000 euroko soldata-gehikuntza bermatu behar dutela. Bitartean, gaur egun dituen ezaugarriak ikusita, aurkezturiko osagarrien Dekretua bertan behera utzi behar dute.

3. Ireki dezala berehala irakaslego laboral eta pertsonal funtzionarioaren negoziazio mahaiak gai hauek behar duten arretaz eta sakontasunez jorratzeko. Momentu honetan ezinbestekoa dugu irakasleen mobilizazioa eta presioa. Horrexegatik, LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuok asanblada informatiboak burutuko ditugu berehala Campus guztietan (ikus egutegia azpian), eta Kudeaketa Klaustroaren egunean KONTZENTRAZIOA burutuko dugu LEIOAko Areto Nagusiaren aurrean Abenduaren 15ean goizeko 9:30tatik 10tara.

IRAKASLE GUZTIONTZAKO KONTRATU IRAUNKORRAK ETA SOLDATA DUINA LORTU BEHAR DITUGU!

Asanbladen egutegia

- Ibaetan, Abenduaren 1ean, 12etan Informatikan Irakasle Gelan

- Gasteizen, Abenduaren 12an, ordu 1etan Filologian Areto Nagusian

- Sarrikon, Abenduaren 13an, ordu 1etan Irakasle Gelan

- Leioan, Abenduaren 14an, 11,30etan etan Zientzia Fakultatean 1.5.gelan

- Leioan, Abenduaren 14an, ordu 1etan Pertsonalgo Batzordean