Egun bateko greban garraioa ez da ezinbesteko zerbitzua

2002/06/10
German Kortabarria, ekainaren 19ko grebarako gutxieneko zerbitzuei buruz
Greba guztietan enpresariekin eta administrazioekin ika-mika bera sortzen da: greba egunetan zein zerbitzu diren gizarteari kalte ez egiteko halabeharrez lanean jarraitu behar dutenak. 19ko greba orokorra ez da salbuespena izan. Ekainaren 6an Lakuan izandako bileraren berri eman digu German Kortabarriak. –Zertan da gutxieneko zerbitzuen gaia? –Lehenik, esan beharra dago Nafarroan administrazioak ez gaituela oraindik kontsultak egiteko deitu, baina beste batzutan gertatutakoa kontutan izanik, ez litzateke harritzekoa izango gobernuak sindikatuokin hitz egin gabe erabakia hartzea ere. –Eta Euskal Autonomia Erkidegoan? –Garraio publikoaren gaia izan da oraingoan ere gutxieneko zerbitzuen auziaz administrazio eta patronalarekin izandako eztabaida nagusia. EAEn 1999ko maiatzaren 21erako ezarri zen gutxieneko zerbitzuetan Eusko Jaurlaritzak garraio publikoaren %20a mantendu zedila agindu zuen, zerbitzuok, gainera, laneko joan-etorri ordutan kontzentratuz. Aurtengo ekainaren 19ko grebarako Confebaskek zerbitzu horiek are zabalagoak izan daitezela eskatu du, %40ra iritsiz. –Sindikatuak zer dio honelako intentzioei buruz? –ELAren aldetik argudioa honakoa izan da: egun bakarreko greban garraio publikoa oro har ez daitekeela gutxieneko zerbitzutzat hartu, jendea herri eta hirien barnean oinez mugi baitaiteke, eta ezinbestean bidaia luzeagoren bat egin behar duenarentzat badaudela beste aukerak, garraio publikotik aparte: EAEn, esate baterako, automobil kopurua hamar biztanleko ia laukoa dugu. Honekin ondoriozta daiteke egun bateko garraio publiko ezak, deserosoa izanda ere, ez dituela herritarren oinarrizko eskubideak urratzen, eta kasuren batean garraioa ezartzea beharrezko balitz, askoz gehiago zehaztu eta arrazoitu beharko litzateke, eta ez orain arte egin izan den moduan, zerbitzuak pisura ezarri, horrenbesteko portzentaje arbitrario baten arabera. –Gainontzean, zein gutxieneko zerbitzu izango da? –Beste gaietan ELAk egoki irizten die 1999an ezarritako gutxieneko zerbitzuei, sindikatuaren ustez greba-eskubide eta herritarren funtsezko eskubideen arteko oreka egokia islatzen dutelako. Osasun-zerbitzuen gaian aldaketaren bat proposatu du Osakidetzak, eta gaia eztabaidatu ostean ELA eta LABekin proposamen bateratua adostu da. Proposamen honetatik azpimarra daitezke dialisi zerbitzua eta onkologiako zerbitzuei dagozkienak.